Argiketariak, iturginak, kamioi eta kamioneta garraiolariak, igeltseroak edota muntaketa lanetan laguntzeko prest dauden herritarrak ongi etorriak izango dira taldean, batzordea sendotu nahi dute eta.
Animatzen zaretenok, gerturatu astelehen honetan, ekainaren 15ean, #Kilometroak15 ekimeneko muntaketa batzordeak arratsaldeko 19:00etan Potxoenean deitu duen bilerara. “Bertan, izena eman nahi dutenak eta dagoeneko taldean daudenak elkartu nahi dira. Orain gaudenok eta laster izango garenok, elkarri lagunduz eta elkarrekin gozatuz, goaztean!”, diote muntaketa batzordekoek.
Trafikoa eta zirkuitua kudeatzeko laguntza deialdiak
#Kilometroak15 ekimeneko batzorde gehiagok bilerak deitu dituzte datozen bi astelehenetarako ere. Urriaren 4an trafikoa, guneak eta ibilbidea kudeatzeko boluntarioak behar dira. Hainbat herritarrek izena eman dute lan taldeotan. Hauekin eta animatzen zareten guztiokin bildu nahi dute bi batzordeotako arduradunek:
Ekainak 22, astelehena
19:00 Trafiko batzordeko bilera Potxoenean. Behar diren boluntarioak: 100 lagun.
Ekainak 29, astelehena
18:30 Zirkuitu batzordeko bilera Udarregi Ikastolan. Beharrezko laguntzaileak: 150.