Kursaalekoan ez hurrengo zubian, igandeko usurbildarren oihal kate erraldoia

Noaua Aldizkaria 2015ko eka. 15a, 10:30

Erronka potoloa dute esku artean; ekainaren 21ean Anoeta futbol zelaia erabakitze eskubidea gauzatzea eskatu nahi duten 32.000 gipuzkoarrez betetzea. Usurbildar, aginagar eta zubietarrek ere bertaratzera deitu ditu, Euskal Herriko gainerako hiriburuetan bezala, Donostian ere erabakitze eskubidearen alde ekimen masiboak deitu dituen Gure Esku Dago mugimenduak. Hitzordua, igande arratsaldeko 17:30etan Anoetan. Ordubete lehenago irekiko dituzte ordea ateak. Gogoan izan, Anoetarako sarrerak behar direla. Eskuragarri dituzue Lizardin, Bordatxon eta Artzabalen. Baita Usurbilgo Gure Esku Dagok ostiral arratsaldean Sutegi atarian jarriko duen mahai ibiltarian ere. Bildutako dirua antolaketa gastuak ordaintzera bideratuko da.

Adi, sarrerak zenbakituak izango dira. Honenbestez, taldean zoaztenok, txartelak batera erostea aholkatzen dute, gero Anoetan elkarren ondoan esertzeko. Ikusgarria izango da Anoetako ekitaldia. Besteak beste, herritarrek landutako oihal zatiekin hautestontzi erraldoia osatuko da. Eta mosaiko bat ere osatuko da eserlekuetatik.

11:30etan Santa Katalina zubian

Aipatu oihal zatiokin aurrez, 12:00etan, kate erraldoia osatu nahi dute herritarren laguntzaz Urumea ibaiaren bueltan. Eskualde bakoitzak bere eremua izango du Kursaal aldetik hasi eta Amara ingururaino ibaiaren bi ertzeetara eta zubietara hedatuko den erabakitze eskubidearen aldeko ekimenean. Usurbildar, aginagar eta zubietarrei, itsasaldetik zenbatzen hasita bigarren zubira, Santa Katalina izenekora gerturatzera deitzen zaie goizeko 11:30etan. Goiko irudian agertzen den eremura.

Boluntario beharrean

Milaka herritarren aurrean, erabakitze eskubidearen alde Usurbilen landu diren oihal zatiekin Anoeta futbol zelai erdira atera nahi duzue igandean? Zeregin honetan eta eguneko ekimenetan laguntzeko 16 lagun behar ditu Usurbilgo Gure Esku Dago lan taldeak. Animatzen zaretenok, harremanetan jarri ahalik eta lasterren, usurbilgogureeskudago@gmail.com helbidera idatzita. “Egun ahaztezina biziko dute”, iragarri dute antolatzaileek. Goizeko 10:00etarako Donostian egon beharko dute. Batetik eguerdiko oihal kate erraldoian laguntzeko, eta gero Anoetako ekimenetan parte hartzeko. 16 lagunoz gain, beste 30 laguntzaile behar dituzte gauez, Anoetako mini estadioan kokatuko den txosnan, 21:30-01:00 artean zerbitzari lanetarako.

Donostiako ekimenetara joateko, autoa etxean utzi eta garraio zerbitzu publikoak baliatzeko deia luzatzen dute. Badirudi, zerbitzu bereziak izango direla. Informazio gehiago:

euskotren.es

902 543 210

Ekainak 21, igandea

Usurbildar, aginagar eta zubietarrek, Donostian dute hitzordua:

Oihal kate erraldoia Urumea ibaiko 6 zubien artean:

11:30 Partehartzaile bakoitza bere lekuan jarri. Usurbildarrak, lasartearrekin batera, Kursaal aldetik zenbatzen hasita, bigarren zubi ingurura gerturatzeko deialdia. Askatasuna etorbidea amaitzen den ingurura.

12:00-12:30 Oihal-kate erraldoia.

Anoetan:

16:30 Anoetako ateen irekiera.

17:30 Ekitaldi nagusia: dantzariak, danborrada, musika ikuskizunak, abesbatza, hautestontzi erraldoiaren eszenografia…
 Sarrerak: haurrek 5 eurotan, helduek 10 eurotan. Eskuragarri, Gure Esku Dago taldekoen mahai ibiltarian, Kiroldegian eta Lizardin.

Alde Zaharrean:

12:30 Bulebarrean: herri dantzak.

12:30 Kalez kale: kantu-jira, Kaskarinak eta Donostiako txistulariak.

Anoeta inguruan: 

11:00 Gunearen irekiera.

Egunean zehar, jatekoa eta edatekoa: sagardo dastatzea, txekor errea, taloak, kaxuelitak, edariak…

20:00 Ospakizun erromeria.

Miniestadio inguruan:

Egunean zehar, ogitartekoak, taloak, edariak…

11:30-00:00 Kontzertu maratoia.

Anoetako 17:30etako ekitaldi nagusia, zuzenean jarraitzeko aukera.

Ilunbe, Familia Gunea:

Egunean zehar, puzgarriak, tailerrak, abentura parkea, tirolina, apar festa…

12:30 “Ilunbe izarrez argitu” ikuskizuna, Gipuzkoako pailazoak, suhiltzaileak, “Gu ta gutarrak”, Irrien Lagunak…

14:00 Irri bazkaria. Paella. Leku mugatua; txartelak aurrez eskuratu behar.

15:30 Dantzaldia: Txantxariak eta Irrien Lagunen eskutik.

Ohar garrantzitsuak:


-Donostiara joateko garraio publikoa erabiltzeko deialdia.

-Ingurua garbi mantendu jaialdi egunean.

-Gure Esku Dagoren kamiseta jantzita eraman.

-Anoetarako sarrerak eta kamisetak salgai, eta ekainaren 21eko ekimenei buruzko argibide gehiago, Gure Esku Dagok ostiralean Sutegi atarian izango duen mahai ibiltarian.

Informazio gehiago: gureeskudago.eus

Antolatzailea: Gure Esku Dago.