NOAUA!n salgai, Usurbilgo emakume baserritarrei buruzko liburua

Noaua Aldizkaria 2015ko eka. 15a, 09:00

10 eurotan eskura dezakezue NOAUA! Kultur Elkarteko egoitzan, “Lurra, Lana, Izana. Usurbilgo emakume baserritarren ahotsak” liburua. Martxoaren 8an Sutegin estreinatu zen dokumentalaren DVD-a doan banatuko da etxeetan. Ikusgai duzue baita youtube atarian.

“Usurbilgo Udalak, Parekidetasun Sailaren ekimenez, herriko emakume baserritarrei ahotsa eman nahi izan die. “Lurra, Lana, Izana. Usurbilgo Emakume Baserritarren Ahotsak” izeneko liburua eta dokumentala izan dira egitasmo horren emaitza. Bertan agertzen diren gogoeta, hausnarketa, pasadizo eta bizipenak azken urteotako Emakume Baserritarren unibertsoa islatzen dute, isilean eta ezkutuan mantendu den unibertsoa hain zuzen ere”, adierazi dute Udaletik.

Beka deialdi batekin bideratu da egitasmoa. “2013. urtean Usurbilgo Udalak Emakume Baserritarren inguruko ikerketa bultzatzeko, 10.000 euroko Beka sortu zuen. Aurkeztutako lanen artean, Maitane Arnaiz Etxenausia eta Leire Urkidi Azkarragak aurkeztutakoa izan zen irabazlea. Emakume baserritarrei zor zitzaien ahotsa ematea. Baserria mantendu bada, hein handi batean, emakumeei esker izan da eta horrekin batera doazen izaera, kultura eta ohituren transmisioaren babesleku izan dira Usurbilgo baserritar emakumeak. “Lurra, lana izana!” liburu-bideoan guzti horren testigantza jasotzen da. Hezkuntza, ohiturak, erlijioaren eragina, generoaren araberako lan banaketa, bizitza publikoa... arlo desberdinak aztertu dira elkarrizketen bidez”, gaineratu dute Parekidetasun Sailetik.