Usurbil K.E.-ren Eguna larunbatean, afaritarako txartelak salgai

Noaua Aldizkaria 2015ko eka. 15a, 09:00

Larunbat honetan, festa giroan borobilduko dute denboraldia Usurbil K.E.-ko kideek. Egunean zehar, neurketak Oiardo Kiroldegian. "Adin desberdinetako neska-mutilak, entrenatzaileak, beteranoak... eskubaloian jokatzen ikusi ahal izango ditugu. Eta gauean, indarrak berreskuratzeko, herri-afaria. Tiketak salgai Aitzagan eta Bordatxon egongo dira ekainaren 17ra arte. Afarira denei deitzen zaie, adin guztietako jokalariei, entrenatzaile, delegatu, zuzendaritza-kide, eta aurten bereziki, baita guraso, zaletu, beterano eta klubarekin zerikusia izan duen guztiei", luzatu diete gonbita Usurbil K.E.-tik.

Granollers Cup

Ehunetik gora lagun joango dira hilabete amaieran Bartzelona aldera. Ekainaren 24tik 28ra Granollers hirian jokatuko den eskubaloi txapelketan parte hartuko du aurten ere, Usurbil K.E.-k.

Alebin mutilak, Gipuzkoako txapeldun

Udarregi 6B taldeak Gipuzkoako txapeldun amaitu du denboraldia, aurreko asteburuan finalerdietan Zumaiako Pulpo menderatu, eta finalean, Irungo Txingudi taldearen aurrean nagusitu ostean. Usurbil K.E.-tik gogorarazten dutenez, "ordutik txapeldunen talde gaztetxo bat gehiago dugu herrian! Zorionak!", adierazi dute Usurbil K.E.-tik.

134 lagun Leioan

Leioako Askartza taldeak antolaturiko txapelketa jendetsuan parte hartu zuen Usurbil Kirol Elkarteak. "134 neska-mutil izan ginen bertan, 12 taldetan banatuta. Horietatik 9 finalerdietara iritsi ziren, eta batzuk txapelketa irabazi baita euren mailan!", adierazi dute kirol elkartetik.