Bi aste eskas herriko festetarako. Uztailaren 3an ospatuko den Santixabeletako Umeen Egunerako pare bat ohar antolakuntzatik. Lehena, izen emateari loturikoa: “Ginkanan (LH-ko ikasleei bideratua) parte hartu ahal izateko, Udarregi Ikastolan dabiltzan umeei gelan galdetu eta apuntatuko zaie, eta beste usurbildar umeek email bidez izen emateko aukera izango dute ekainaren 19ra arte”, azken egun hau barne.
Inskripzioa banaka edo taldeka egin daiteke. Banaka bada, adierazi norbere izen abizenak eta ikasten ari den maila. Taldeka bada, gogoan izan, “8-12 kide bitarteko taldeak izan daitezke. Hala ere, kide gehiago dituen taldeak ere onartuko dira. Taldearen izena eta partaide bakoitzaren izen-deiturak eta ikasmaila eman. Partaidetzaren arabera, antolatzaileek taldeak egokitu ahal izango dituzte”.
Antolaketarako laguntza behar
“Umeen Egunerako gurasoen laguntza ere nahiko genuke. Egunean laguntzeko prest bazaude, bidali email bat, izena, deitura eta hartu emanetarako telefono zenbakia adieraziz eta zurekin harremanetan ipiniko gara”, ohartarazi dute antolatzaileek. Laguntzeko nahiz Haurren Eguneko ginkanan izen emateko helbidea, hauxe duzue: santixabelak.umeen.eguna@gmail.com
Danborrada entseguak
Asteartero eta ostegunero, 20:00etan hasita Udarregi Ikastolako eraikin gorriko beheko frontoi estalietan. Santixabeletan kalez kale danborra jotzen atera nahi duenak, entsegu saioetara gerturatu eta izena eman dezake. Santixabeletako helduen danborradan, 16 urtetik gorako herritarrek parte hartuko ahalko dute. Entsegu saioetara gerrikoarekin joateko deialdia luzatu dute antolatzaileek.
Zikiro janerako txartelak
Uztailaren 4an, larunbatez ospatuko da txosna gunean. Ohi bezala kantu giroan eta Kuxkuxtu txarangakoen laguntzaz. Sarrerak salgai daude jada, Txiribogan, Aitzagan eta Bordatxon 22 eurotan. 15 eurotan gazteentzat eta langabetuentzat.
Egitaraua eta gehigarria
Laster izango duzue festetako berri. Lehiaketa bidez, Intza Salsamendi herritarrak diseinatu duen egitaraua ekaineko azken asteburuan banatuko du Udalak etxeetan. Ekainaren 26an baita, astekariarekin batera NOAUA!k urtero argitaraturiko gehigarria esku artean izango duzue, jaietako xehetasun guztiekin.
Lehen ekitaldiak
Datorren aste amaieran ospatuko dira, Santixabelei begirako lehen ekitaldiak:
Ekainak 26, ostirala
19:30 XXXIX. Santixabel bertsopaper lehiaketako sari-banaketa Sutegin. Saritutako bertso musikatuak izango dira.
Ekainak 27, larunbata
18:00 Diaporama Sutegin: “Santixabelak gogoan (1984-2013)”.