Ikastola ondoko 6 udal etxebizitzak, alokairu sozialean

Noaua Aldizkaria 2015ko eka. 17a, 08:46

Usurbilgo Udalak alokairu sozialean jarri ditu sei udal etxebizitza. Seirak Gernika Ibilbidea 13 kalean daude, Udarregi ikastolaren ondoan. Ekainaren 30era arte egongo da eskaera aurkezteko epea zabalik.

Maizterrak lehiaketa bidez hautatuko dira

Udalarenak dira 6 etxebizitzak. Alokairu sozialean jartzea erabaki du eta maizterrak aukeratzeko lehiaketa abiarazi du. Bertan parte hartu nahi duten herritarrek ekainaren 11tik ekainaren 30era bitartean aurkeztu beharko dute eskaera, Udaletxeko erregistroan. Izena emateko eskabide-orriak hala nola hautatze-prozedura arautuko duten oinarriak Usurbilgo Udaletxean eskuratu daitezke.

Etxebizitzak

Etxebizitzak 3 logelakoak dira eta 80 m2-ko azalera dute.

Eskatzaileak

Usurbilgo pertsona fisiko/naturalak edo, bi, hiru, lau edo pertsona gehi–agoz osatutako bizikidetzako unitateak aurkeztu ahal izango dira, eta etxebizitza babestuetara aurkeztu ahal izateko ohiko baldintzak bete beharko dituzte: etxebizitza eza, gutxieneko eta gehienezko dirusarrerak izatea, gehienezko ondare jakin bat ez izatea... Etxebizitza jabetzan duten herritarrek ere lehiaketan parte hartu ahal izango dute, baldin eta aurreikusitako premia egoeraren batean aurkitzen badira.

Kupoak eta erreserbak

Etxebizitzak zozketa bidez esleituko dira. Ondoko kupo eta erreserbak egin dira: lau kide baino gehiagoz osatutako bizikidetza unitateak, etxebizitza bat; babes bereziko gizarte sektoreak (genero-indarkeriaren biktimak, bananduak, dibortziatuak eta alargunak, gerora sortutako ordaintzeko ezinagatik ohiko etxebizitzaren jabetza galdu dutenak, adimen eta garapen-desgaitasuna duten pertsonak), 2 etxebizitza; babeseko beste gizarte-sektoreak (30 urtetik beherako gazteak, beren kargura adin txikikoak dituzten guraso bakarreko bizikidetza-unitateak), 2 etxebizitza; eta azkenik, kupo orokorra, etxebizitza bat.

Kontratuak urtebetekoak, urtez urte luzagarri

Errenta kontratuak urtebetekoak izango dira, eta urtez urte luzatu ahal izango dira gehienez bost urtera arte. Kontratuaren epemuga iristen denean, maizterrek Udalaren esku utzi beharko dute etxebizitza.

Errenta

Ordaindu beharreko errenta kuota, eskatzaile bakoitzaren diru-sarreren menpe egongo da, eta urtero berraztertuko da.

Oinarrien berri, usurbil.eus atarian eta ekainaren 10eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.