Euro batean boletoak erostearen truke, sari potoloak irabazteko aukera izango dugu berriz uztailaren 2an, #Kilometroak15 ekimenaren aldeko tonbola arrakastatsuan. Aurreikuspen guztiak gainditu zituen Sagardo Eguneko edizio arrakastatsuaren ostean, Ana Urdangarin, Larraitz Izagirre eta koadrila Santixabel egunez Sutegi atarian aurkituko ditugu, opariak banatu eta banatu. Antolatzaileek tonbolarako boluntarioak behar dituzte. Animatzen zaretenok deitu ahalik eta lasterren, ekainaren 26a baino lehen, 633 155 879 (Ana) telefono zenbakira.
Gattunk Tonbolako antolatzaile dugun Ana Urdangarin herritarrak honako idatzia helarazi digu, ekimenaren bigarren edizioari begira;
Santixabeletan ere Tonbola
Gttunk Tonbola hemen izango da berriz ere Santixabel egunean umore onenarekin. Opari berri ugari ditugu denoi banatzeko. Oraingoan ere eskuzabal hainbat merkatari eta Euskal Herrian zehar ibiltzen den tonbola ibiltarikoek ere produktu mordoa eman baitizkigute. Kokapen estrategikoa dugu gainera, Sutegiko pasabidean izango gara oraingoan. Zuetako askok eta askok Sagardo Egunean antolatu genuen lehenengo tonbolan izan zineten eta badaukazue gure berri.
Oraingoan halere izango dira hainbat berrikuntza. Festa giroan murgildu eta denak plaza ingurura etortzeko gonbita besterik ezin dizuet luzatu. Gogo betez gaude berriz ere gure tonbola koloretsuari bultzada emateko. Eskerrik asko guztioi parte hartu izanagatik! Ikusiko GTTUNK!! Primeran pasa festak! GORA SANTIXABEL!!!!
OHARRA- Bolondresak behar beharrezko ditugu egun guztian zehar txandak egiteko.