Duten onena eman ostean, akabo 2014-15 kirol urtea ere. Jai giroan agurtuko dute denboraldia, Usurbil F.T. eta Usurbil K.E.-ko jokalari, entrenatzaile, delegatu, zuzendaritzako kide eta gainerakoek larunbat honetan. Kirola eginez edota afari ederren bueltan:
Akabo Usurbil Futbol Taldearentzat kirol urtea. Usurbil Cup azken txanpan dute, ekaineko azken astebururako antolatu dute sari banaketa. Aurretik, denboraldia behar bezala amaitzeko futbol taldearen eguna ospatuko dute larunbat honetan. Taldeko kide diren jokalari, entrenatzaile, eta zuzendaritzako kideak bilduko dituzte ekimenok:
Ekainak 20, larunbata
11:00 Jolasak futbol eskolako neska-mutilekin eta alebinekin.
13:00-13:30 Bazkaria Askatasuna plazan.
21:00 Usurbil FTko afaria Atxega jauregian.
Antolatzailea: Usurbil F.T.
Larunbat honetan, festa giroan borobilduko dute denboraldia Usurbil K.E.-ko kideek. Egunean zehar, neurketak Oiardo Kiroldegian. "Adin desberdinetako neska-mutilak, entrenatzaileak, beteranoak... eskubaloian jokatzen ikusi ahal izango ditugu. Eta gauean, indarrak berreskuratzeko, herri-afaria. Tiketak salgai Aitzagan eta Bordatxon egongo dira ekainaren 17ra arte. Afarira denei deitzen zaie, adin guztietako jokalariei, entrenatzaile, delegatu, zuzendaritza-kide, eta aurten bereziki, baita guraso, zaletu, beterano eta klubarekin zerikusia izan duen guztiei", luzatu diete gonbita Usurbil K.E.-tik.
Granollers Cup
Ehunetik gora lagun joango dira hilabete amaieran Bartzelona aldera. Ekainaren 24tik 28ra Granollers hirian jokatuko den eskubaloi txapelketan parte hartuko du aurten ere, Usurbil K.E.-k.