"Herriko Tabernen" auziaren aurkako epaia kaleratu du eguerdian Espainiako Auzitegi Gorenak. Bere garaian Auzitegi Nazionalak kaleraturikoa berretsi du, zigorrak arinduta. 101 herriko taberna bahitzeko agindu du eta auziperatuak zeuden Ezker Abertzaleko bost ordezkariri espetxealdia urtebete eta hamar hilabetera murriztu diete.
Bahitzea agindu duten herriko tabernen zerrenda luzean da Usurbilgo Aitzaga. Epaia kaleratu eta berehala, urgentziazko elkarretaratzea deitu dute taberna atarian. "Aski da! Errepresioari stop!", aldarripean mobilizatu da usurbildar talde bat, epaia salatu eta Aitzagari elkartasuna adierazteko.
Elkarretaratze amaieran, orain arte bildu ahal izan duten informazioaren berri eman da. Datu garrantzitsuena; momentuz ez omen dago oso argi, epaia bera noiz eta nola gauzatuko den. Beraz, ezin jakin oraingoz, zer gertatuko den.
Bestalde, herritarrei datozen mobilizazioetarako adi egoteko deia egin zaie. Oraingoz bi hitzordu antolatu dira. Larunbatean goizeko 11:30etan Zarautzera gerturatzeko gonbita luzatu da. Eta astelehenean 19:00etan Usurbilen, Aitzaga Libre taldea osatzeko bilkura. Halere esandakoa, datozen egunetan ekimen gehiago antolatu daitezke.