Txosnen kokagunea erabakitzeko Jai Batzordearen bilera astelehenean

Noaua Aldizkaria 2015ko eka. 19a, 19:04

Premiazko bilera deitu du Santixabeletako Jai Batzordeak, datorren astelehenerako, ekainaren 22rako 18:00etan Potxoenean. Datozen jaietan txosnak non kokatu erabakitzeko deitu dute bilkura:

Kaixo, lagun:

Honen bidez ekainaren 22an, astelehenean, arratsaldeko 18:00etan izango den Santixabeletako bilerara dei egiten dizut.

Nahiz eta ustez Santixabeletako bilerak amaituak izan, berriz ere Jai Batzordea biltzearen premia ikusi dugu. Asteleheneko bilerak gai bakarra izango du: txosnen kokagunea erabakitzea.

Ekainaren 1ean egin genuen bileran Jai Batzordeko kideok txosnen kokaguneari buruz genuen iritzia eman genuen, eta erabakia, ekainaren 3rako hartzekotan geratu ginen. Ekainaren 5ean emailez bidali genuen hartutako erabakia, ustez, iritzi guztiak entzun ondoren balio zezakeen irtenbide batekin.

Arrazoi ugari tarteko, hartutako bidea ez da gustukoa izan. Hori horrela, eta ikusita gaia erabakitzeko gunea Jai Batzordea dela, beharrezkoa iruditu zaigu deialdi hau egitea eta bertan erabakitzea txosnen kokalekua.

Hori dela eta, asteleheneko bileran gaiari buruz hitz egin eta aurtengo Santixabel jaietan txosnen kokaguneak zein izan behar duen erabaki nahi da. Gure artean izango zarelakoan!

Kultura Saila