Gutxienez 400 usurbildar espero dira Anoeta barruan

Noaua Aldizkaria 2015ko eka. 21a, 08:10

Anoeta futbol zelaia erabakitze eskubidea gauzatzea eskatu nahi duten milaka herritarrez beteko da igande honetan. Ikusgarria izango da, arratsaldeko 17:30etarako Gure Esku Dagok deitua duen ekitaldi-ikuskizuna. Gutxienez, 400 usurbildar inguru espero dira Anoeta barruan. Sarrerak erosi dituzuenok adi; sarreran bertan zehaztua ageri zaizue, ze atetik sartu behar duzuen, zein den zuen sektore, ilara eta eserleku zenbakia. Usurbildarrona 17. atea da.

Anoetarako sarbideak, arratsaldeko 16:30etan irekiko dituzte. Txartelik gabe zaudetenok, eta Anoeta barrura sartu nahi baduzue, antolatzaileen esanetan, igande honetan oraindik sarrerak saltzen egongo dira futbol zelai inguruetan. Bestela, Anoetako mini-estadioan ere pantaila erraldoi bidez zuzenean jarraitu ahalko omen da ikuskizuna.

Hautestontzi erraldoia, musika...

Anoeta barruan, besteak beste, herritarrek landutako oihal zatiekin hautestontzi erraldoia osatuko da. Eta mosaiko bat ere osatuko da eserlekuetatik. Baina gehiagorako ere emango du Anoetako ekitaldiak; musika edota dantza ikuskizun handi bat izango da.

Eta ikuskizunaren uneren batean adi; beste hainbat txokotako herritarrek egingo duten moduan, usurbildar talde bat zelai erdira irteten ikusiko dugu, udalerri honetan josi diren oihal zatiekin.