“Transexualitatea ikusgai, ikasgai” gaurtik Sutegin

Noaua Aldizkaria 2015ko eka. 22a, 08:00

Lesbianengan jarri zuen arretagunea iaz Usurbilgo Sexu Aholkularitza Guneak, eta aurten, igande honetako, ekainaren 28ko Harrotasun Egunaren atarian, transexualitatea hizpide duten hiru ekimen antolatu ditu. “Gay, lesbianen eta transexualen harrotasunaren egunaren inguruan oraindik lortzear dauden eskubideen borrokan murgiltzeko garaia izaten da. Usurbilgo Sexu Aholkularitza Guneak, konpentsazio zentro bezala, borroka horien bozgorailua izan nahi du. Aurten hain ezezaguna den transexualitatea langai hartuko du”, adierazi du Elena Jimenez sexu aholkularitza guneko sexologoak. Erakusketa, emanaldiak, arreta zerbitzuak eta baliabideen gida prestatu dituzte.

“Errespetuz, gizon transexualak” erakusketa

Transexualitatearen gaiari heldu, gerturatu, gai honen inguruan dauden estereotipoak apurtu eta eskubideen inguruko eztabaida sortzeko “Errespetuz, gizon transexualak” erakusketa ikusgai, ekainaren 22tik 29ra Sutegiko erakustaretoan. “Gure kolektiboaren gainean dauden estereotipoak apurtzera zuzenduta dogoen erakusketa bat da, izan ere hori ez baitator bat inola ere errealitatearekin. Erakusketa hori kolektibo transexualaren gizarte-normalizaziorantz joateko urrats bat gehiago da.

Argazki horien bidez aukera izango baitugu ikusteko: alaitasuna, adiskidetasuna, harrotasuna, zoriontasuna, poztasuna, laguntasuna, ilusioa, konplizitatea, adiskidantza; horrekin guztiarekin, gizon batzuen bizitzako errealitatea besterik ez dugu erakutsi nahi izan, horiek ikasi baitzuten ezen, bizitzak irribarre egiten ez dizunean, zorigaitz guztien gainetik egin dezakezun onena, lagun hurkoa zure irribarrez kutsatzea dela”.

Erakusketarekin batera, transexualitatea ulertu eta errealitate honetara hurbiltzeko arreta zerbitzua eskainiko du Sexune elkarteak erakustaretoan, baita ikus-entzunezkoak proiektatu ere. Honez gain, Sutegi udal liburutegiak, transexualitatea jorratzen duten liburu, ipuin, artikulu, dokumental, pelikula… eskura jarriko ditu.