Ezohiko asteartea gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Egoitza barruan, erraustegia eraikitzeko asmoa azaldu duen Markel Olano Diputatu Nagusi izendatzeko eztabaida saioa abiatzear zela, egoitza atarian, eragile talde bat elkarretaratu da errausketaren aurka.
Markel Olano Diputatu Nagusi izendatzekoak diren San Juan bezpera honetan, Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundea, Zero Zabor Ingurumen Babeserako Elkartea, Ekologistak Martxan, CCOO, ESK, Greenpeace eta Eguzki Batzar Nagusien atarian elkarretaratu dira, beste behin, errausketari ezetz esateko. “Hemen elkartu garen eragileak kezkaz entzun ditugu gaurtik aurrera Ahaldun Nagusia izango den Markel Olanoren adierazpenak. Hauteskunde kanpainan aipatu zuen hondakinen errausketa berrartzeko asmoa eta hauteskundeak pasa ondoren bere adierazpenak berretsi ditu”, azpimarratu du eragile taldeak, elkarretaratzean zehar eginiko adierazpenetan.
Egoera honen aurrean, argi adierazi dute; “ingurugiroaz arduratuta gaude eta ez dugu onartzen atzera pausorik aurreratu dugunarekiko”. Are gehiago, azken lau urteotan Gipuzkoako gaikako bilketa bikoiztu ostean, “hobekuntzak exijituko ditugu”, 2016an gaikako bilketa %60koa izan eta 2020an %75ekoa izateko.
Gipuzkoa eredu Europan
Azken lau urteotan, errausketaren aldeko eragileek atez atekoaren eta "edozein gaikako bilketa eraginkorren" aurka egindako kanpaina itogarria salatu dute. Kanpainak kanpaina, 2011-15 legegintzaldian lortutakoa ere nabarmendu nahi izan dute. "Gipuzkoako herrien erdiak baino gehiagok, handiak, ertainak edo txikiak, lortu dute hondakinen %70a baino gehiago gaika biltzea, eta kasu askotan %80a ere gainditu dute. Gipuzkoa eredu izan da bai estatu mailan, baita Europan ere, eta hala onartua askotan, esate baterako PPko ministro zen Arias Cañete eta Piotr Barczak Europako Ingurumen Bulegoko hondakin politikaren arduradunaren aldetik", gogorarazi dutenez.
Garestia eta kutsatzailea izan eta beharrezkoa ez den arren, errausketaren aldeko eragileek “Gipuzkoan errauste planta eraikitzearekin tematuta daude”. Proiektu hau babestu dezaketenei zuzenduz, zera adierazi dute eragileok; “Ahaldun Nagusiak eta hau babesten dutenek garbi izan behar dute guk erraustegiaren aurkako borrokari ekingo diogula; ez dugu onartuko, ez handirik, ez txikirik. Gipuzkoarrak mobilizatuko ditugu orain urte batzuk gertatu bezala. Baina zuen asmoak ekonomia zirkular eta jasangarriaren bidetik pauso eraginkorrak ematea baldin badira, zuen lagun izango gaituzue, oraindik lan asko baitaukagu aurrean”.