Santixabeletako txosnak, Mikel Laboa plazan

Noaua Aldizkaria 2015ko eka. 24a, 10:11

Jai Batzordeak astelehenean eginiko ezohiko eta premiazko bilkuran erabaki zuen, Santixabeletako txosnak Askatasuna plazatik Mikel Laboa plazara lekuz aldatzea. Honenbestez, frontoi atzealdean kokatuko da uztailaren 1etik 5era luzatuko diren herriko jaietako txosnagunea. Askatasuna plazan iragarriak zeuden ia ekitaldi guztiak ere, frontoi atzealdean ospatuko dira, uztailaren 4ko kantu-zikiro jana izan ezik. Hitzordu hau bai, aurreko urteetan bezala, Askatasuna plazan egingo da. Beste zehaztasun bat; uztailaren 4an 19:00etan Dj Burundaren emanaldia non izango den zehaztu gabe dator egunotan jasoko duzuen egitarauan. Dj saioa txosnetan izango dela zehaztu du Jai Batzordeak. Eta ordubete beranduago, 20:00etan euskal presoen eskubideen alde egingo den ekitaldia aldiz, Askatasuna plazan izango da.

Ezohiko bilera atzo

Otsailaz geroztik Santixabelak antolatzen dabilen Jai Batzordeak ekaina hasierarako hartu behar zuen txosnagunearen inguruko erabakia. Erabakia hartzera heldu ziren, baina aldaketak izan dira gerora. “Ekainaren 1ean egin genuen bileran Jai Batzordeko kideok txosnen kokaguneari buruz genuen iritzia eman genuen, eta erabakia, ekainaren 3rako hartzekotan geratu ginen. Ekainaren 5ean emailez bidali genuen hartutako erabakia, ustez, iritzi guztiak entzun ondoren balio zezakeen irtenbide batekin. Arrazoi ugari tarteko, hartutako bidea ez da gustukoa izan”, adierazi dute Jai Batzordetik. Horregatik, txosnen kokagunea erabakitzeko bilera deitu zuten astelehenean eta bertan erabaki zuten aurten, txosnak Mikel Laboa plazara tokiz aldatzea.

Honatx, atzoko Jai Batzordearen bilerari begira, zabaldu zuten oharra:

Kaixo, lagun:

Honen bidez ekainaren 22an, astelehenean, arratsaldeko 18:00etan izango den Santixabeletako bilerara dei egiten dizut.

Nahiz eta ustez Santixabeletako bilerak amaituak izan, berriz ere Jai Batzordea biltzearen premia ikusi dugu. Asteleheneko bilerak gai bakarra izango du: txosnen kokagunea erabakitzea.

Ekainaren 1ean egin genuen bileran Jai Batzordeko kideok txosnen kokaguneari buruz genuen iritzia eman genuen, eta erabakia, ekainaren 3rako hartzekotan geratu ginen. Ekainaren 5ean emailez bidali genuen hartutako erabakia, ustez, iritzi guztiak entzun ondoren balio zezakeen irtenbide batekin.

Arrazoi ugari tarteko, hartutako bidea ez da gustukoa izan. Hori horrela, eta ikusita gaia erabakitzeko gunea Jai Batzordea dela, beharrezkoa iruditu zaigu deialdi hau egitea eta bertan erabakitzea txosnen kokalekua.

Hori dela eta, asteleheneko bileran gaiari buruz hitz egin eta aurtengo Santixabel jaietan txosnen kokaguneak zein izan behar duen erabaki nahi da. Gure artean izango zarelakoan!

Kultura Saila