Kantu giroan eta Kuxkuxtu txarangakoen laguntzaz, eguerdi partean kalejiran ibili ostean, zikiro jan ederraz dastatzeko aukera izango da Santixabeletan, uztailaren 4an. Adi, otordurako sarrerak salgai daude jada 22 eurotan, Txiribogan, Aitzagan eta Bordatxon. 15 eurotan gazteentzat eta langabetuentzat. Otordu gehiago. Bezperan, uztailaren 3an, haurrenarekin batera, Gazte Eguna ere ospatuko da. Bestelako ekitaldien artean bazkaria antolatu dute txosnetan. Kasu honetan ere, txartelak aurrez eskuratu beharko dira. Salgai izango dituzte ohiko tabernetan.
Jaietako bazkari eta afariez ari garela, aldaketarik bada aurten. Ez da izango herri afaririk. Aipatu ditugun zikiro jan, gazteen eta oilasko biltzaileen bazkariez gain, paella jana, patata tortilla txapelketa… Santixabeletan otordu eskaintza zabala izango dela aurreikusita, herri afaririk ez antolatzea erabaki dute txosnetako arduradunek.
Jubilatuen bazkarirako txartelak salgai
Bazkaria, uztailaren 5ean ospatuko da, arratsaldeko 14:00etatik aurrera Atxega jauregian. Txartelak salgai, Gure Pakea, Gure Elkartea eta Arrate elkarteko egoitzetan, eta Gizarte Zerbitzuetan, ekainaren 25era arte. Prezioak: 60-65 urte artekoentzako 20 eurotan; 65 urtetik aurrerakoentzat 10 eurotan. Bazkarira joateko bete behar diren baldintzak: gutxienez 60 urte beteta izatea edo aurten betetzea eta Usurbilen erroldatua egotea. Menua: urdaiazpiko iberikoa, itsaski entsalada epela, Goizuetako onddoak nahasiak; legatza zigala-muselinoen gainarrearekin edo azpizuna guarnizioarekin. Edariak: ardo beltza edo gorria, sagardoa, ura eta kafea.