“Osasun arreta euskaraz jaso ez duzulako kexarik baduzu, jakinaraz iezaguzu”, hauxe Usurbilgo Udala kide duen UEMA, EHE, Behatokia, Kontseilua, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea, NOAUA! kide duen Euskaltzaleon topagunea, LAB, medikuntzarako asanblada eta Berdin Elkartea herritarrei egiten ari diren deialdia.
“Herritar eta langileoi dei egin nahi dizuegu zuen osasun asistentzia euskaraz jaso edota lanean euskaraz aritzeko zailtasun edo oztopoak baldin badituzue, zuen kasua jakinarazi dezazuen”, luzatu dute gonbita. Kexak bideratzeko sartu euskarazbizinahidut.eus atarian eta bete bertan aurkituko duzuen formularioa. Bide honetatik, “osasun zerbitzuetako langile zein erabiltzaileei ordezkapen masiboen garaian zuen kexak egiteko bidea erraztu nahi dizuegu. Gure helburua osasun etxeetan gertatzen diren egoeren berri modu azkarrean jasotzea da”.
Mezu hau lau haizeetara zabaltzeko deia egin dute aipatu erakundeek. “Osasun alorrean hizkuntza-eskubideen urraketa etengabea da eta egoera hori okertu egiten da nabarmen hainbat momentutan, zerbitzuen berrantolaketak edota langileen ordezkapenak euskara kontutan hartu gabe egiten direnean, besteak beste. Uda garaian arazo horiek handitu egiten dira. Adibidez, iazko udan langile elebidunak erdaldunekin ordezkatu ziren hainbat kasu ezagutu genituen. Aurten, egoera hori errepikatu ez dadin, prebentzio lana egin dezaten eskatu diogu Osakidetzari zein Osasunbideari”.