Kezka, Aginaga sarrerako errepidearen egoera dela eta

Noaua Aldizkaria 2015ko eka. 24a, 09:15

Denbora da Usurbil aldetik joanda, Aginagako sarbidean, N-634 errepidearen zati bat partzialki itxita dagoela. Inguru honetako egoeraz kezkatuta idatzi digu Maria Angeles Arruti NOAUA!-k Aginagan duen berriemaileak. Ahal bezain laster, eremua konpontzeko eskaera egiten du lerrootan:

Errepideko egoera

Argazkian azaltzen dena Aginagako errepidea da gasolindegitik, Eiza tartean dagoena. Urte hasieratik egoera horretan dago, eta dirudienez, hainbesteko euriteekin oraindik eta zulo handiagoa egiten ari da. Egoera ez da batere ona, konponketak hasteko ze arrazoi dagoen ez dakit, baina oso arriskutsua dagoela bai. Udaran sartu gara eta denok dakizue ze trafikoa izaten den hondartzara bidean eta benetan istripuren bat gertatzeko aukera guztiak dauzkagu. Badakizue bi kurba daudela alde banatara eta nahiko hurbil. Horregatik, errepidean ibiltzen garen guztion nahia azaldu nahi dut; lehenbailehen konponduta ikustea. Mila esker.

Irudia: Maria Angeles Arruti.