Usurbilgo gazte mugimenduak josi du jaietarako txosnetako egitaraua. Ekimen eskaintza anitza eta parte hartzailea. “Gazteak parte hartzera animatu nahi ditugu herriko jaietan. Uste dugu azken urteetan beherakada bat eman dela gazteen parte hartzean eta berriz ere hori sustatu nahi dugu, gazteen presentzia egotea festetan. Horretan oinarrituriko egitaraua osatu dugu”, adierazi digute.
Ekainaren 30ean, gaueko 22:00etan jokatuko diren futbito txapelketako gizonezkoen eta emakumezkoen finalekin abiatuko dute hitzordu festa.
Sukaldatu auzolanean eta otorduak lagun artean
Ia egunero egongo da jan edana txosnetan. Uztailaren 1ean, goizean txosnetan gosalduta abiatuko dira oilasko biltzera Arratzain aldera, handik, Zumitzatik barrena Kaxkora itzultzeko. Eguerdian bazkaria oilasko biltzera irtendakoentzat, eta gero jolasak.
Uztailaren 3ko Gazte Egunerako ere bazkaria antolatu dute. Txartelak salgai egongo dira ekainaren 29ra arte, Irrati, Aitzagan, Garinen (Hernanin), Ilargin (Lasarten) eta Irunberrin (Andoainen) . Bazkalaurretik, Gazte Eguna berrikuntzekin hasiko dute aurten. Triki poteoa antolatu izan dute orain arte. Uztailaren 3an kantuan egitera ere animatuko dira. Eta arratsaldean dantzara, Motxaila elektrotxarangako kideekin. "Aurtengo Gazte Egunera Hernani, Lasarte, Andoain eta Zubietako gazteak ere gonbidatu nahi ditugu, beraz anima zaitezte, ez zarete damutuko!", adierazi dute.
Jaietan txosnetan asebetetzeko beste hiru ekitaldi ere izango dira; Santixabel egunez, elegante asko jantzita poteora animatzen dituzte gazteak 18:30etan eta ondoren, paelladara. Paella egiteko azpiegitura antolatzaileek jarriko dute. Oinarrizko osagaiak ere bai. Hortik aurrera, paellari eransteko produktuak norberak eraman beharko ditu. Txosnetan sukaldaturikoa txosnetan afaltzeko aukera izango dute gero. Baita jaietako azken egunean antolatu duten patata tortila txapelketako partaideek ere. Kasu honetan ere, sukaldatzeko beharrezko tresnak eta oinarrizko osagaiak antolatzaileen esku. Hortik aurrerakoak, lehiakideek eraman beharko dituzte.
Hitzordu gastronomikoei amaiera emateko, kantu zikiro jana uztailaren 4an, Kuxkuxtu txarangakoekin. Eta ohar bat; bazkari eta afari eskaintza zabala dela eta, aurten herri afaririk ez antolatzea erabaki dute.
Skasti eta herriko taldeak
Jan edanik ez, baina musikarik ere ez da faltako txosnetan. Eskaintza zabala aurten ere gautxorientzat. Kontzertu nagusia, ostiral gauean, 01:00ak aldera; Skasti taldearekin. Gainerakoan, musika estilo ezberdinetako dj saioak; dj Ziribulio Santixabel egunez doinu dantzagarriekin, eta larunbat gauean, frontoiko kontzertuak amaitu ostean, euskal musika hautatuko duen beste dj saio bat.
Herriko musika taldeei ere tarte nabarmena eskaini nahi diete. Hasteko, Bertsio Gaua Santixabel bezperan. Herriko musika taldeetako kideak elkarren artean nahastu eta bertsio ezagunak joko dituzte. Jaien amaieran ere etxekoen aldeko apustua egin nahi izan dute. Azken trakaren ostean, Kezka, herriko musika talde berriaren kontzertua eta usurbildarrak kide dituen Erokomeri erromeria taldekoen eskutik, datozen Santixabelen agurra.
Erromeria giroa jaiak amaitzeko, baina baita Santixabeletan zehar ere, Eromeria taldekoekin uztailaren 3an eta Saioa Lizarralderekin hilaren 2an.
Gaupaseroen argazkia
Nola iritsiko ote gara jaien amaierara? Argazki batean erretratatua geratuko da datozen jaietan. Gaupaseroen argazkirako deitu dituzte goizaldeko 07:00etan, uztailaren 4ko gaua, parranda giroan igaroko dituzten guztiak. Eta berrikuntza gehiago, jaietako azken goizalde horretarako. Eonian elektrotxaranga taldekoak datoz, batzuei igande goiza esnatu eta besteei etxerako bidea egiten laguntzera.