Badatoz jaiak. Astebete baino ez, herri hau festa giroan murgiltzeko. Hasteko, Imanol Zarautz "Troia" herritarrak irabazi duen Santixabeletako Bertsopaper Lehiaketako sariak banatuko dira ostiral honetan, 19:30etan hasita Sutegin ospatuko den ekitaldian. Epaimahaiak ezagutzera eman ditu lehiaketara aurkeztu diren 6 lagunetatik nortzuk diren 3 sarituak:
1-Imanol Zarautz "Troia": "79 kilometro eta 20 herri".
2-Uxue Fernandez: "Laurogei urte, amona".
3-Jon Aizpurua: "Dirua alkate".
Zorionak! Ostiralean ospatuko den sariketaren baitan, sarituek bertsoak abestuko dituzte Ixak Arruti musikariaren laguntzaz. Argi denez, berritasun ugari izan ditu aurtengo bertsopaper lehiaketak. Lehiaketaren emaitzak Santixabelak abiatu aurretik plazaratu dira. Eta sariketa ez da festetako ohiko bertso saioaren amaieran izango, aparteko ekitaldi berezi honetan baizik.
"1984-2013 Santixabelak gogoan" diaporama
Datozen festetan irudi mordoa aterako dugu guztiok. Baina zer iruditzen festak hasi aurretik atzera begira jartzea? Horixe proposatzen digu Iñaki Agirresarobe herritarrak, larunbaterako 18:00etan Sutegin antolatu duen herriko festei buruzko diaporaman. "Hiru hamarkada horietan bilduriko argazki sortarekin erakusleiho izan nahi du diaporamak. Aldi berean urtez-urte egitarau berdintsuarekin pertsonen aurpegiak eta janzkerak nola aldatu direnaren isla ere izan nahi du emanaldiak", egilearen esanetan.
Ekainak 26, ostirala
19:30 XXXIX. Santixabel bertso-paper lehiaketako sari-banaketa Sutegin. Saritutako bertso musikatuak izango dira.
Ekainak 27, larunbata
18:00 Diaporama Sutegiko auditorioan: “Santixabelak gogoan (1984-2013)”.
Ekainak 30, asteartea
17:30 Pala Txapelketa. Kirol egokituen erakustaldia, emakumezkoen finala eta gizonezkoen finala.
22:00 Santixabeletako futbito txapelketako finalak.