Zero Zabor I.B.E.: "Elkarrizketa eta eztabaida irekirako prestutasun osoa azaldu nahi diogu Markel Olanori"

Noaua Aldizkaria 2015ko eka. 24a, 12:45

Markel Olano (EAJ-PNV) Gipuzkoako Foru Aldundiko Ahaldun Nagusi izendatu zuten atzo datozen lau urteotarako Batzar Nagusietan, alderdikide dituen ordezkarien eta PSE-EEkoen babesa jaso ostean. Goizetik arratsaldera luzatu zen hautaketarako eztabaida saioaren baitan, erraustegia eraikiko zutela iragarri zuen Olanok; PIGRUG-en aurreikusia dagoena, edo egungo errealitatera egokituko litzatekeena.

Hondakinen arazoa behin betiko konpontzeko borondatea azaldu zuen, "gardentasun osoz" jardunda eta irizpide ekonomiko, sozial eta jasangarriak aintzakotzat hartuta. Euren datorren legegintzaldiko kudeaketa lanean, herritarren borondatea errespetatu eta elkarrizketa eta eztabaida irekia egongo dela iragarri zuen. 

Zero Zabor Ingurumen Babeserako Elkartearen iritzia

Adierazpenon aurrean, bere iritzia plazaratu du Zero Zabor Ingurumen Babeserako Elkarteak. Honatx hitzez hitz diotena:

Gipuzkoako ahaldun nagusi berri den Markel Olanok hautaketa saioan egindako adierazpenen arabera “herritarren borondatea errespetatu eta elkarrizketara eta eztabaidara irekia” egongo da eta “hondakinen kudeaketaren arazoa, ekonomia, sozial eta ingurumen jasangarritasun irizpideekin konponduko du behin betiko”. Bere azalpenetan, herritarren borondatea errespetatzeko nahia agertu zuen, "eta elkarrizketa eta eztabaida irekia egongo dela".

Kontraesanak

Adierazpen horiek itxaropenerako tarterik uzten badute ere, ezin dugu gure kezka ezkutatu, adierazpen horiekin nekez ezkon daitezkeen ondorengo adierazpenak egin baititu.

Izan ere, “Hondakinen planean (GHHKPO) aurrikusitako errauste planta eraikiko” dutela esan baitu. Azken esaldi hau ez dator bat bere diskurtsoan aipatutako adostasuna bilatzearekin, Markelek jakin baitaki, Gipuzkoan ez dagoela inolako kontsentsurik errauste planta eraikitzearen inguruan, ez ordezkari politikoen artean ez eta jandartean ere. Hori gutxi balitz, errauste planta inposatzea ez dator bat aipatu duen bezala hondakinen kudeaketari ingurumen jasangarritasun ikuspegi batetik irtenbidea ematearekin.

Eta beharrezkoak diren beste azpiegiturak?

Kezka eragin digun beste puntu garrantzitsu bat, gogora ekarri duen azpiegitura bakarra errauste planta izatea da. Hain zuzen ere, errauste planta da, hondakinen kudeaketari dagokionez, Gipuzkoarren artean zatiketa eragin eta adostasuna eragozten duen azpiegitura bakarra. Irtenbide jasangarri batekin lotuta dauden bestelako azpiegiturak ez aipatu izana kezkagarria da, hala nola, Gipuzkoan gaika biltzen den organiko guztia konpostatu ahal izateko dagoen azpiegitura defizitari buelta emateko beharrezkoak diren konpostatze plantak, errefusa egonkortzeko eta bertatik birziklatzeko material gehiago lortzea ahalbidetuko lukeen TMB planta eta abar.

Zero Zabor: irtenbide jasangarri adostua bilatzeko prestutasuna

Zero Zabor ingurumen babeserako elkartetik elkarrizketa eta aipatutako eztabaida ireki horretarako prestutasun osoa azaldu nahi diogu Markeli. Are gehiago, hondakinen kudeaketaren arazoari irtenbide jasangarria eman nahi baldin bazaio ikuspegi sozial, ekonomiko eta ingurumeneko batetik. Hurrengo hilabeteek erakutsiko digute diskurtsoaren zein zati hautatzen duen aurrera egiteko. Gu bi aukeretarako prest topatuko gaituzte bai politikoek bai eta jendarteak ere.

Sarean: gipuzkoazz.com