Usurbilgo Pagazpek lehen aldiz jokatuko du Berria Txapelketako finala

Noaua Aldizkaria 2015ko eka. 25a, 09:29

Datorren larunbat honetan 17:00etan Hernaniko pilotalekuan, XII. Berria Txapelketako finala jokatuko da. Hamabi astez gogor saiatu dira Euskal Herriko hamasei talderik onenak eta, azkenean, Markina eta Usurbilgo Pagazpe klubeko pilotariak izango dira final handi honetako protagonistak.

Markina klubak bi final jokatu ditu dagoeneko Berria Txapelketako historian eta hau hirugarrena izango du. Usurbilgoak, aldiz, ez du inoiz finalik jokatu eta hau izango du txapelketa honetan bere maila erakusteko lehendabiziko aukera.

 

Bidean erori diren klubak

Finalera iratsi aurretik Markinak bidean utzi ditu Hernani, Amurrio eta Iruñeako Oberena klubak. Pagazpek bere aldetik, Galdakaoko Adiskide, Amezketako Zazpi Iturri eta Andoaingo Gazteleku kanporatu ditu.

 

Markina-Usurbil, aurrez aurre

Hauexek izango dira Pello Uriona Markinako entrenatzailearen eta Enrike Huizi Pagazpekoaren esanetara jokatuko duten pilotariak:

Kadetetan: Agirreamalloa - Albizuri (Markina) / Exposito - Aranguren (Pagazpe)

Jubeniletan: Arrizabalaga - Urizar (Markina) / Arambarri - Odriozola (Pagazpe)

Seniorretan: Pujana - Kastillo (Markina) / Santxo - Gorrotxategi (Pagazpe)

 

Kadeteetan, usurbildarrak faborito

Kadetetan bikote gipuzkoarra faborito izango da. Expositok eta Arangurenek oso bikote ona osatzen dute eta Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapelketak irabazi dituzte. Agirremalloa eta Ibarloza bizkaitarrak gazteagoak dira, kadetetako lehenengo urtekoak, baina etorkizun ona dute eta oso maila polita erakutsi dute txapelketan. Jokatutako hiru partidutatik bi irabazi dituzte eta azkenekoa txapelketako bikoterik onenetako baten aurka galdu zuten.

 

Jubeniletan, Markinakoak faborito

Jubeniletan, ordea, bizkaitarrak izango dira faborito. Arrizabalaga – Urizar maila honetako bikote onenetako bat da, onena ez bada. Jubeniletako maila txiki geratzen eta 22 urtez azpiko mailan ari dira jokatzen bi pilotari hauek denboraldi osoan zehar. Bikote gipuzkoarra bi pilotari onek osatzen dute. Aranberri oso pilotari borrokalaria da eta Odriozola atzelaria, oraindik kadete adinekoa, etorkizun polita duen pilotaria da.

 

Seniorretan, Santxo-Gorrotxategi (Pagazpe)

Lehendabiziko bi partiduetan ustekabekorik ez bada, seniorretako lehiak erabakiko du aurtengo txapelketako irabazlea. Gipuzkoarrak faborito aterako dira. Santxo eta Gorrotxategik ia dena irabazi dute aurtengo denboraldian, tartean Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapelketak. Finalerdietan bezala, Markinako bikotea bi atzelarik osatuko dute, Pujana eta Kastillo. Taktika honek emaitza ona izan zuen bikote honentzat joan den astean Galdakaon. Pujana ondo moldatzen da aurreko koadroetan eta Santxorekin borrokan nahasten ez bada, bere atzelariaren laguntzaz lanak eman diezazkioke Gorrotxategiri. Kastillo atzelaria goi mailako afizionatua da, oso segurua eta eskarmentu handikoa.

 

Larunbatean, 17:00etatik aurrera Hernanin

Giroa ziurtatuta dago. Hernani jaietan da eta Aitor Gorrotxategi (Pagazpe Usurbilgo taldearekin ari da lehian) bertako pilotaria animatu nahiko dute pilotazale hernaniarrek. Hortaz, ziur gaude ezohiko txapelketa honetako  finala ikustera jende asko hurbilduko dela pilota lekura.