Kirol egokituen erakustaldia, Santixabelen atarian

Noaua Aldizkaria 2015ko eka. 25a, 11:10

Aste hauetan zehar lehiatu diren emakumezkoen eta gizonezkoen pala txapelketako finalak jokatuko dira, ekainaren 30ean, 17:30etan hasita frontoian. Santixabelen atarian urtero antolatu ohi den hitzordu honen baitan, kirol egokituko erakustaldia izango da. Eremu honetan lanean diharduen Gipuzkoako Federazioko bi kideek hitzaldia eskaini zuten Sutegin maiatza amaieran, #Kilometroak15 ekimeneko Guztiok Gattunk batzordeak antolaturiko ekitaldian. Jarraian, hitzaldiak eman zuenaren kronika.

Kiroletik, jendarte inklusiboa eraikitzen

Agian jabetu ez arren, guztioi desgaitasunak lotu eta berdintzen gaitu. Zerbait egin ezinik gabiltzanean ikasteko denok behar dugu eta ondokoaren laguntza. Edo ondokoa lagundu beharrean aurkitzen gara. Desgaitasunak batu beharrean ordea, oraindik gure artean ditugun horma fisiko nahiz mentalek elkar banatzen gaituzte. Argi denez, badugu ikuskera edo pentsamoldea aldatzeko etxeko lanik egiteke.

Errealitate hau iraultzen, norbere gaitasun eta desgaitasunen gainetik, jendartean inklusioaren balorea txertatzen lanean murgildua dabil, #Kilometroak15 ekimenaren baitan osatu den Guztiok Gattunk izeneko batzordea; inklusibitatea balorean jartzen eta jendarteratzen, jendarte inklusiboa eraikitzen alor ezberdinetan. Baita kirol munduan ere. Hain zuzen, eremu hau inklusiboa izan dadin ahalegintzen diren Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioko kideak gonbidatu zituzten Guztiok Gattunk taldekoek, maiatza amaieran Sutegin antolatu zuten solasaldira. Federazioa ezagutzera eman eta kirola eta inklusibitateaz jardun zuten bi kideek; Jurgi Olasagasti usurbildarrak eta Amaia Elizondok.

Kirol egokitua ezagutarazi eta guztiok sentsibilizatzen

Norberak dituen gaitasun eta desgaitasunen gainetik, denona da nahi dugun kirol jardueran aritu, gozatu edota trebatzeko eskubidea. Beste kontu bat da, ia benetan eskubide hori denok bermatua ote dugun. Errealitateak ezetz dio.

Desgaitasun bat izateak kirola egitetik baztertu dezake pertsona bat, konpontzeke dauden oztopo arkitektonikoengatik batzuetan, formazio egokia duten profesionalak falta direlako besteetan, edota gehienetan, buruan ditugun hormak gainditu ezinean gabiltzanez, ezin diogulako erraztu kirol jarduera batean aritu nahi duen lagunaren inklusioa.

Errealitate hau aldatzen, eta bidean suertatzen zaizkien oztopo ugariei aurre eginez dabiltza egunez egun hain zuzen, eremu honetan lanean diharduten Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko kideak. Izenak argi dioen moduan, kirol egokitua ezagutarazten, antolatzen eta zabaltzen dihardute herrialdean barrena. Konpromiso argi batekin; pertsona bakoitzak dituen beharretara egokituko den kalitatezko zerbitzua, informazioa, orientazioa, formazioa, baliabideak eskaintzen ahalegintzen dira, kirol jardueraren batean trebatu nahi dutenei. Hastapenetik hasi eta errendimendu mailara arte.

8 langileko taldea da, dozena bat begiralerekin. Erakunde publikoen zein elkarte pribatuen babesa izan arren, dituzten behar anitzei erantzun ahal izateko ez dute aski eta hortxe dabiltza, laguntza gehiago lortzeko borrokan.

“Nola egin denok elkarrekin aritzeko?”

375 kirolari lizentziatu dituzte, Gipuzkoako txoko ezberdinetan osatzen joan diren talde ezberdinetan. Ezaguna izango zaizue Richard Oribe kirolaria, hark igeriketa talde bat du; Orion ere bada Berdin-Berdin izeneko taldea, IK-ONCE taldea, maiatzaren 23an Usurbilen izan ziren Salto Bera Bera saskibaloi taldekoak, Kemen Elkartea, Fortuna K.E…

Anitzak dira kirol egokituen taldeak, anitza baita kirolarion errealitatea, maila ere eta taldeak osatzeko zailtasunak izaten omen dituzte. Hazten doaz, baina indartzen segi nahi dute. Eragile ezberdinekin sustatzen duten elkarlanean sakondu nahi dute, “jende gehiagorengana heltzeko”. Kirol egokitua hedatzeko sentsibilizazio eta ezagutza ekimenak burutzen dituzte, ikastetxeetan bereziki. Slalom egokitua antolatu zuten Udarregi Ikastolako ikasleekin duela ez asko. Baina hezkuntza zentroetako eremuetik atera eta plazara, herriz herri Gipuzkoa osora zabaldu nahi dute kirol egokitua.

Terminologia egokiaren garrantzia

Aipaturiko erronkez gain, hizkuntzan ere eragin nahi dute federaziotik. Sarri ahotan modu desegokian baliatzen dugun terminologian. Ez da berdin, inklusioa edo integrazioa, esklusioa edo segregazioa, desgaitasun motak… Kontzeptu guztiok ez dira neutroak Sutegiko hitzaldian aipatzen zutenez, denek dute definizio zehatz bat eta erabiltzeko modua ez da zuzenena izaten. Sarri ezjakintasunagatik. Baina erabiltzen ditugun neurrian, ezin ahaztu hitzaldian ziotena; oker edo zuzen, gutako bakoitzaren “pentsamendua eraikitzen goaz”. Hortik terminologia ere ezagutarazi eta egoki erabiltzeko beharraren garrantzia.

Federazioak, terminologia honetatik bat hautatua du hizki larriz; inklusioa. Inklusioa, guztiok eremu bat partekatze hutsetik haratago doan kontzeptu gisa ulertuta. Oraindik ere zatitu, eskluitu edo elkar urruntzen gaituzten gaitasun, adin, jatorria, pentsaera, sexua… horren guztiaren gainetik, anitzak garela onartzetik abiatuta. Horregatik, kirol munduan ere jendarte inklusiboa sustatzeko garrantzia azpimarratzen dute. “Jendarteak izan behar du inklusiboa”, diote.

Guztiok Gattunk

Oso aberasgarri eta interesgarritzat jo zuten Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko kideek #Kilometroak15 ekimenaren baitan sortu diren lan taldeen artean, inklusibitatearen inguruan osatu den batzordetik bideratzen ari den lanketa. Eremu honetan sakontzeko beharra nabarmendu zen ekitaldian. Jendarte sare sensiblea lortzea, “zatiketarik ez egiteko”.

Informazio gehiago:

Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa

Anoeta Etorbidea, 5, 20014 Donostia

943 46 25 14

gkef-fgda.org