#Kilometroak15-eko zirkuituko batzordearen bilera, astelehenean

Noaua Aldizkaria 2015ko eka. 25a, 11:21

Klikmetroak egitasmoaren atarian sartu zaretenok, honez gero ezagutuko duzue urriaren 4ko jaialdiko zirkuitua. Prest baita. Kaxkoa inguratuko du, 5 kilometro luze izan eta milaka lagunek osatuko duten ibilbideak. Hala erabaki dute #Kilometroak15 ekimenaren baitan, eremu honetan lanean dabilen zirkuitu batzordeko kideek. “Jendea inertziaz herrira sartzen da berez. Horregatik komeni da jaialdia Kaxkotik kanpora zabaltzea”, adierazi diote NOAUA!ri.

Batik bat, segurtasun arrazoiengatik hartu da erabakia. Milaka lagun batuko dituen jai gunea Kaxkoan biltzea, kudeaezina litzateke eta batzordekoen esanetan. Halere, zintekin eta seinaleztatua egongo den arren, ez da ibilbide itxia izango, irekia baizik. Norberak nahierara ibili ahal izango du zirkuituan.

Sarbide nagusia, San Inaziotik

Gehienak trenez nahiz autobusez Zumartegi industrialdera helduko direla jakinik, sarbide nagusi bat izango du #Kilometroak15 ekimeneko ibilbideak, San Inazio auzotik; hilerri zaharraren parean. Eta hortik aurrera, Olarrondo ingurua, Harane, Kalezar eta Santuenea lotuko ditu zirkuituak. Eta Santuenean, Zubieta aldetik datozenentzako bigarren sarbide bat. 5 kilometroko bidean zehar, denetariko ekintzez gozatzeko bost gune egokituko dituzte.

Guneak edo ibilbidea, antolaketa lanetan zer datorren lehenago, zirkuituko batzordekoek argitu digute. “Zirkuitua diseinatzeko duela 6-8 urte, Kilometroak antolatzeko egin zuten lehen eskaeran aurkezturiko ibilbidearen zirriborro hartan oinarritu ginen. Horren gaineko lanketa egin dugu. Gero guneak non finkatu zitezkeen ikusi eta guneok ibilbide batekin lotu ditugu”, gaineratu dutenez.

Esan beharrik ez dagoen arren, ibilbidea ezinbestean Usurbilgo ingurune fisikora egokitu behar izan dute. “Beste herriekin alderatuta, guneak finkatzeko zabalgune handirik ez izateak geure lana baldintzatu du”, diotenez. Baina aztertzen egon ostean, zeuden aukeren artean, “ahal zen ibilbide eta gune egokienak aukeratu ditugu”. Eskerrak eman nahi dizkiete guneak finkatzeko baliatuko dituzten lursailen jabeei, “baimena eskatu eta eragozpenik gabe eman digutelako”. Baita Ikastolen Elkarteko bi ordezkariei ere. “Laguntza handia izan dugu. Beraiek gidatu gaituzte guretzako berria dugun bide honetan”, adierazi dute.

Hobekuntza lanak egiteko lagungarri

Tipi-tapa, metroz metro oinez osatu dute ibilbidea zirkuituko batzordekoek eta gertutik aztertu dute, segurtasun baldintza guztiak betetzen ote dituen. Txosten bat osatu dute gorabehera guztiekin. Zenbait kasutan hobekuntza lanak egiteko eskaera ere helarazi dute Udalera. Ibilbidea inguratzen duen guztiari zorrotz begiratu behar diote; argindar kaxak eta ur kontagailuak itxita dauden, bidean koxkak ote zeuden, tentsio handiko dorreak estali beharrak dituzte... Urriaren 4an, ehuneko ehunean, denontzako sustatu nahi den Kilometroak ekimeneko zirkuitua segurua eta irisgarria izan dadin.

Bilera

Laguntza behar dute zirkuituko batzordeko kideek, urriaren 4an ibilbide eta guneetan lan egiteko. Herrikoak behar dute izan, herria eta herritarrak ezagutuko dituztenak. Hilabete hauetan izena eman dutenekin eta urriaren 4an laguntzera animatzen zareten guztiokin bildu nahi dute:

Ekainak 29, astelehena

18:30 Zirkuituaren batzordeko bilera Udarregi Ikastolan. Beharreko laguntzaileak: 150.

5 kilometro, 5 gune

Luzeera: 5 kilometro.

Gune kopurua: 5 gune.

Ibilbiderako sarbideak:

-Trenez edo autobusez datozenentzat: San Inazio auzoa, hilerri zaharraren parean.

-Donostiako bidegorritik oinez edo bizikletaz datozenentzat: Santuenea, Aialde-Berri sagardotegi parea (sarrera honetan bizikletak uzteko, estalitako gunea).

Ibilbidea:

-Hilerri zaharretik San Inazio kalea zeharkatu Bordatxo pareko errotondaraino. Handik gora, Udarregi Ikastolara.

-Udarregi Ikastolatik Olarrondora eta handik Anerreka aldera jaitsi.

-Anerreka aldetik Haranera igo eta Txara gaineko zelaira gerturatu.

-Txara gaineko zelaitik, Kalezar alderik alde zeharkatu, Eguzkitzaldeko errotondara jaitsi eta Bizkarretik barrena Atallura.

-Atallutik Santuenera.

-Santueneatik buelta Bizkarrera, Bizkarretik Kale Nagusira udaletxe pareraino. Udaletxetik gora berriz ere San Inazio kalera.

Guneak:

1.gunea: Udarregi Ikastola atzealdeko belardia, anbulatorio eta Oiardo Kiroldegiko aparkalekuak.

2.gunea: Agerreazpiko etxebizitzetatik behera, Anaerreka ondoko zelaigunea.

3.gunea: Txara gaineko belardia.

4.gunea: Atallu industriagunea.

5.gunea: Santuenea.