Zubietako atez atekorako ontzien banaketa gaurtik Kaxkapen

Noaua Aldizkaria 2015ko eka. 25a, 11:34

Zubietan ere hondakinen bilketa sistema aldatzera doaz; atez atekoaren lehen fasea jarriko dute martxan, uztailaren 1etik aurrera, Santuenetik herri erdigunera arteko eremuan. Udalak asteotan bizilagunekin adostu ditu zintzilikagailuak jartzeko lekuak. Oro har, errepide nagusiko bidegurutzeetan kokatu dituzte.

Zintzilikagailuak jarrita, bilketa sistema berrirako ontzien banaketa dator orain. Aste honetan egingo du Udalak banaketa; ostegun eta ostiralean, ekainaren 25ean eta 26an, 17:00-20:00 artean Kaxkapen. Herritarrek bere bizilekuko helbidea eman eta trukean, organikoa eta erreusa gaika biltzeko ontziak jasoko dituzte; organikoa konpostatzen dutenek organikoarentzako kubo bakarra; bi kubo, organikoa konpostatzen ez dutenentzat.

Honez gain, bilketari buruzko informazio guztia izango duen gida bat eta imana ere banatuko dute. Baliabide guztiok aipaturiko egun, ordu eta lekuetan jaso ezin dituenak, gerturatu dadila Usurbilgo Atez Ateko bulegora. Bertan emango zaizkie ontziak eta informazio gida.

Giltzen desaktibazioa

Ekainaren 30era arte larrialdi gunea baliatzen segi ahalko dute, datorren hilabetetik aurrera atez ateko bilketako erabiltzaileak izango diren zubietarrek. Uztailaren 1ean sistema berria abiatzearekin batera, larrialdi guneko giltzak desaktibatuko zaizkie hondakinak atez ate bilduko zaizkienei.

Egunero hondakin zati bat bilduko zaie zubietarrei, goizez. Usurbilen bezala, Zubietak ere Usurbilgo bilketa egutegi bera izango du. Aipatu moduan, uztailaren 1ean abiatuko da, baina ez Zubieta osoan, lehen fase honetan, Santuenea aldetik hasi eta kaxkora arteko eremuan dauden etxeetan. Badira tartean, Donostiako eremuan egon arren, hala nahi dutelako atez ateko bilketan parte hartuko duten herritarrak. Udalak, hain zuzen, Usurbil aldeko herritar guztiei bermatuko die zerbitzua, baina atez atekora batzeko aukera ematen die baita Santuenetik Kaxkora bitarte, Donostiako lurretan bizi direnei ere. Aukera eskaini eta baimena ematen dutenei ere beraz, hondakinak atez ate bilduko zaizkie uztailetik aurrera.

Informazio edo argibide gehiagorako, hor duzue Atez Ateko bulegoa:

Doako telefonoa: 900 776 776.

Ordutegia: 09:00-14:30 (astelehenetik ostiralera)

Helbidea: Puntapax kalea, 10 behea. Usurbil (20170)

E-maila: atezate@usurbil.eus