"Mikel Laboa 1934-2008" dokumentala, 22:00etan Sutegin

Noaua Aldizkaria 2015ko eka. 25a, 12:37

Iaz bezala, bakarlari eta talde txikien musika entzuteko aukera Santixabelen ostean, uztaileko ostegun arratsaldetan. Gaur egungo bakarlari euskaldunak ezagutaraziz Mikel Laboa oroituko duen ekimen sorta antolatu du Usurbilgo Gaztetxeak, Laboaren Uztaila izeneko zikloan. Ostegun gau honetan 22:00etan aurkeztekoak dira Sutegin eta hitzordurako ezin proiekzio egokiagoa antolatu du Usurbilgo Gaztetxeak. "Mikel Laboa 1934-2008" dokumentala eskainiko baitute, Laboaren bizitza eta lana omentzen duen ikus-entzunezkoa.

"Urte hauetan guztietan Mikelek egindako lana jaso nahi izan da ordu eta erdi luze irauten duen dokumental honetan. Bi zatitan banatu dugu dokumentala. Lehenbizikoan Mikel Laboa berak kontatzen du bere bizitza eta obra. 1978. urtean Herri Irratian egin zizkioten elkarrizketetan oinarritu gara. Bigarrenean, aldiz, batez ere, bere ingurukoek hitz egiten dute Mikeli buruz. Kontakizun horiei lagunduz, bere bizitza bete zuten irudiak eta hotsak, hurbilekoei egindako elkarrizketak, berrogeita hamar urteetan zehar emandako kontzertuak eta grabatutako diskoak jaso dira. Ordu bat eta berrogei minutu inguruko dokumentu aberatsa, betiko eta etorkizuneko Laboazaleek hobeki ezagutu dezaten donostiar sortzailea. DVDari disko labur bat ere gehitu diogu. Gipuzkoako Foru Aldundiak Mikel Laboari urrezko domina eman zion ekitaldian Iñaki Salvadorrek eta Josetxo Silguerok eskainitako kontzertua eta Bernardo Atxagak ekitaldi hartan Mikeli idatzitako “Beti lagun” poema jasotzen dira". 

Dokumentalak emango dio hasiera, uztailean ostegunero bere omeneko plazan ospatuko diren emanaldiei. Momentuz lotuak dituzte hitzorduok:

Uztailak 9, osteguna

Ordua: 20:30.

Tokia: Mikel Laboa plaza.

Zehaztasunak: "Afari beganoa + MMatarrak bikotearen poesia errezitaldi musikatua. Okene Abrego eta Mariano Hurtado ezkutazen dira MMa izenaren atzean.. Urteak atzera Bap! taldeko kidea, eta egun Inoreneroni taldeko abeslaria dugu Okene Abrego. Erritmo azkar eta oldarkorrak jorratu izan ditu ohikoan, beti ere, bere ahots berezi eta sakonaz. Emanaldian Mariano Hurtado (Inoreneroni, El Hombre Burbuja) baxu-jotzailea izanen du taulan lagun".


Uztailak 16, osteguna

Ordua: 21:30.

Tokia: Mikel Laboa plaza.

Zehaztasunak: MARA bakarlariaren saioa. Igor Arzuaga, ezkutatzen da proiektu honen atzean, Exkixu talde arrakastatsuan eta Mikel Urdangarinen lehen diskoetan parte hartu zuen, harik eta bakarkako kantu egile ibilbideari ekin zion arte. Orain arte bi disko kaleratu ditu bere izenpean ('Argi izpi bat' eta 'Smog', biak Gaztelupeko Hotsak-ekin) eta beste bi ('Lagun eroa' eta 'Unibertsoa gu') Mara izenpean, bere kantuak interpretatzeko Arzuagak sortutako 'pertsonaia' edo alter egoa.

Molde intimistako diskoak dira, zeinetan poesiak musikak adina garrantzia duen, eta pop, rock eta folk doinuekin batera, kabareteko musikaren edota Frantziako kantagintzaren oihartzunak biltzen diren. Esan daiteke Arzuaga bere ahots propio eta berezia aurkitu duela urte hauetan zehar. Horrez gain, instrumentu bat baino gehiago menperatzen dituen musikaria da: pianoa, gitarra, soinu txikia, akordeoia, aho-soinua…

Azken garaian Luis Vil musikariarekin lan egiten du eta elkarrekin kaleratu dute 'Mara-Mara' izeneko lan ederra. Saio honetan aurkezteke dituen Laboaren bertsio batzuk joko ditu bere abestiekin tartekatuz.