Zubietarrak, atez ateko bilketarako prestatzen

Noaua Aldizkaria 2015ko eka. 26a, 08:53

Ostegunean zuten uztailaren 1etik aurrera atez ateko bilketan parte hartuko duten zubietarrek, sistema berrirako beharrezkoa izango duten materiala Kaxkapen jasotzeko lehen eguna. Lasai antzean hasi zen banaketa. Pixkanaka hasi ziren gerturatzen lehen zubietarrak. Ostiral honetan, bigarren eta azken banaketa eguna dute Kaxkapen, 17:00-20:00 artean.

Herritarrek bere bizilekuko helbidea eman eta trukean, organikoa eta erreusa gaika biltzeko ontziak jasoko dituzte; organikoa konpostatzen dutenek organikoarentzako kubo bakarra; bi kubo, organikoa konpostatzen ez dutenentzat.

Honez gain, bilketari buruzko informazio guztia izango duen gida bat eta imana ere banatuko dute. Baliabide guztiok aipaturiko egun, ordu eta lekuetan jaso ezin dituenak, gerturatu dadila Usurbilgo Atez Ateko bulegora. Bertan emango zaizkie ontziak eta informazio gida.

Uztailaren 1ean abiatuko da atez ateko bilketaren lehen fasea Zubietan, Santuenea aldetik Kaxkora bitarteko eremuan.

Informazio edo argibide gehiagorako, hor duzue Atez Ateko bulegoa:

Doako telefonoa: 900 776 776.

Ordutegia: 09:00-14:30 (astelehenetik ostiralera)

Helbidea: Puntapax kalea, 10 behea. Usurbil (20170)

E-maila: atezate@usurbil.eus