Intza Salsamendik diseinaturiko dadoa dugu, aurtengo Santixabeletarako gida

Noaua Aldizkaria 2015ko eka. 26a, 09:06

Orain bai, jaietarako atzera kontua hasi da. Labetik atera berria, kalean da jada, eta Usurbilgo Udalak banatu du edo banaketa bukatzear behar du honez gero, guztiok Santixabeletako egitaraua eskuragarri izateko. Erabilera anitzekoa izango dugu, aurtengo jai egitaraua. Haur nahiz helduengan pentsaturiko diseinu lan originala sortu du Intza Salsamendi herritarrak, 2015eko Santixabeletako Egitarau Diseinu Txapelketako irabazleak. Ohiko diseinu lanetatik urrunduz, dadoa dugu, aurtengo jaietako berriemaile.

Egitarauak ze itxura izango du?

Intza Salsamendi: A3 bat da, alde batean poster modukoa egitarauarekin eta horman itsasteko Usurbilgo argazki batekin. Beste aldean, dado forma emateko aukera, haurren sormen lana eta parte hartzea sustatzeko, moztu, marrazteko…

Egitarauari dado forma ematea nola bururatu zaizu?

Argazkidun egitarauak izaten dira normalean. Diseinua aldatu nahi nuen. Kotxean aurrera eta atzera ibiltzen naizen uneetan, nola egin pentsatzen nenbilela etorri zitzaidan dadoaren ideia.

Espero al zenuen irabaztea?

Lehiaketetara aurkezten zarenean, sekula ez duzula irabaziko pentsatzen duzu. Gero, deia jasotzean sorpresa izaten da.

Lehendik ere irabazi izan duzu txapelketa. Nolako diseinu lanekin?

Beste bi edizio irabazi nituen aurrez. Beti ezustean harrapatu izan dit. Azken unera arte parte hartu edo ez erabaki ezinik ibili ostean, presaka eta korrika egindako lanak aurkeztu izan ditut eta azkenean gustatu egiten dira. Txapelketa irabazi nuen lehenengo aldian, argazkiekin tolestutako pliego bat aurkeztu nuen. Bigarrenean, “kantonera” bat. Oso praktikoa eta desberdina.

Diseinu munduan urteotan ematen ari diren etengabeko aldaketek ere isla izango zuten zure lanetan?

Beti aldatzen ari da. Lehen, gauza asko sartzen ziren diseinu lan batean, orain sinpletasunerantz doa, garbitasunerantz. Testu ahalik eta gutxienarekin, ikusterraza eta ulerterraza izateko.