Auzolana omenduko duen txupinazoa, jaiak hasteko

Noaua Aldizkaria 2015ko eka. 26a, 09:23

Jaietan ere islatuko da herrian bizitzen ari garen urte berezi hau. Santixabelei hasiera emateko ohorea aurten, “Udarregi ikastolak eta Kilometroak ekimenak” izango dute. Urriaren 4ko jaialdiko antolaketa ezin hobeto irudikatzen ari den auzolana omendu nahi da, festei ekiterakoan. Gerturatu beraz, Santixabelek eta Gattunk mugimenduak bat egingo duten txupinazora; uztailaren 1ean, arratsaldeko 19:00etan Udaletxe aurreko plazan.

Parte hartzea hazten

Herritarrek eginiko proposamenen artetik erabaki du Jai Batzordeak, festei ekiteko suziri berezia jaurtitzeko hautagaia. Email bidez, nahiz herrian jarri diren postontzietan usurbildarrek utzitako ekarpenetatik. Azken urteotan antolatu duten “Nork merezi du?” ekimena geroz eta arrakastatsuagoa izaten ari da. Jai Batzordeak udaletxeko balkoira igoarazteko geroz eta hautagai gehiagoren artean aukeratu beharra izaten du. Oraingoan, babes handiena jaso duen ekarpena, auzolanaren ikur ditugun Udarregi Ikastola eta #Kilometroak15 izan dira. Iazko txupinazoan protagonista izan genituen senior nesken eskubaloi taldekoen lekukoa hartuko dute, uztailaren 1ean.

Azken 13 urteotako txupinazoko protagonistak

2002: Iñaki Urkia.

2003: Egin eta Egunkariako langileak.

2004: Alustiza.

2005: Amaia Zubiria.

2006: Antzerki taldea.

2007: Amador Granados.

2008: Juan Mari Torrealdai eta Olatz Altuna.

2009: Eskubaloi eta Judo taldekoak.

2010: Helduen danborradako kideak.

2011: Usurbil Zero Zabor.

2012: Atzegiko kideak.

2013: DYAko kideak.

2014: Senior nesken eskubaloi taldea.