Aitzaga babesteko deialdi zabala, larunbatean 20:00etan taberna atarian

Noaua Aldizkaria 2015ko eka. 26a, 10:56

"Herriko tabernak libre eta zabalik" behar dutelako, Euskal Herri luze eta zabalean dauden guneok babesteko mobilizazio asteburua dugu honakoa, Espainiako Auzitegi Gorenak aurreko astean ehunetik gora herriko elkarte eta taberna konfiskatzeko agindu ostean. Usurbila etorrita, Aitzaga babesteko deialdi zabala egin dute larunbat arratsaldeko 20:00etarako, herriko taberna atarian. Aitzagak ere libre eta zabalik egoten segi behar duelako, bertaratzera deitzen zaie herritarrei.

"Adi! Bihar, larunbata (ekainak 27) arratsaldeko 20:00etan Aitzaga tabernaren aurrean elkartuko gara. Aitzaga Elkarteko bazkide, lagunak, erabiltzaileak... herritar guztiak azaldu eta eman zuen babesa! Aitzagak ere libre eta zabalik egoten segi behar duelako azaldu! Bertan elkarretaratzea egingo dugu!".

"Herriko tabernak defendatzera goaz"

Eleak eta Libre mugimenduek eta Espainiako Auzitegi Gorenak konfiskatzea agindu duten herriko taberna eta elkarteetako ordezkariek, beste hainbat lagunekin batera, asteburu honetarako mobilizazioak iragarri zituzten, elkarte eta tabernok dauden udalerrietan, aurreko larunbatean Zarauzko Arrano atarian egin zuten agerraldi jendetsuan. Deialdiotan parte hartzeko gonbita luzatu zuten Zarauztik. “Herriko tabernak defendatzera goaz, eta defentsa horrekin bat egitera deitzen ditugu herritarrak”, adierazi zuten.

Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia, 1936ko gerran egindako konfiskazioaren parekoa dela salatu zuten eta ez daudela halakorik onartzeko prest.

Ehunetik gora herriko taberna eta elkarte konfiskatzeko agindu du Espainiako Auzitegi Gorenak. Tartean, Usurbilgo Aitzaga elkartea.