Kantu giroan eta Kuxkuxtu txarangakoen laguntzaz, eguerdi partean kalejiran ibili ostean, zikiro jan ederraz dastatzeko aukera izango da larunbat honetan, abiatzear diren Santixabelen baitan. Txosnagunea Mikel Laboa plazan kokatu arren aurten, bazkaria orain arteko lekuan ospatuko da, Askatasuna plazan. Baita larunbat arratsaldeko 20:00etarako euskal presoen eskubideen alde jaietan deitua dagoen ekitaldia. Hitzordu hau ere Askatasuna plazan egingo da. Zikiro janera bueltatuz, adi, otordurako sarrerak salgai daude 22 eurotan, Txiribogan, Aitzagan eta Bordatxon. 15 eurotan gazteentzat eta langabetuentzat.
Otordu gehiago. Bezperan, ostiral honetan, uztailaren 3an, haurrenarekin batera, Gazte Eguna ere ospatuko da. Bestelako ekitaldien artean bazkaria antolatu dute txosnetan. Kasu honetan ere, txartelak aurrez eskuratu beharko dira. Astelehen hau duzue, txartelak eskuratzeko azken eguna Irratin, Aitzagan, Garinen (Hernanin), Ilargin (Lasarten) eta Irunberrin (Andoainen).
Bazkalaurretik, Gazte Eguna berrikuntzekin hasiko dute aurten. Triki poteoa antolatu izan dute orain arte. Uztailaren 3an kantuan egitera ere animatuko dira. Eta arratsaldean dantzara, Motxaila elektrotxarangako kideekin. "Aurtengo Gazte Egunera Hernani, Lasarte, Andoain eta Zubietako gazteak ere gonbidatu nahi ditugu, beraz anima zaitezte, ez zarete damutuko!", adierazi dute.