Eskua emanda, herri erdiguneko kaleak zeharkatu zituen giza-kate batekin defendatu zuten larunbatean usurbildarrek, Aitzaga Libre eta zabalik nahi dutela. Albiste honetan atxikita dituzue ekimeneko zenbait irudi. Argazki gehiago Argazkitegian: Aitzaga Libre! giza-katea
Espainiako Auzitegi Gorenak duela bi aste kaleratu zuen epaia salatzeko ekimen gehiago deitzekoak dira abiatzear ditugun Santixabeletan. Herritar eta eragileak hitzorduotan parte hartzera deitzen dituzte, Aitzaga libre! dioen lepoko zapi laranjak jantzita. Segidan, larunbateko giza-katearen amaieran Aitzaga Elkarteko kideek irakurri zuten adierazpena:
Aitzaga libre!!!
"Otsoen kontra, sikatearen kontra, lukurreriaren kontra, Justiziaren kontra defendatu eginen dut nire aitaren etxea" dio Gabriel Arestik bere poema ezagunean. Etorri dira gurera ere otsoak eta lukurariak, justiziaz mozorrotuta gainera. Aspaldi abisatu zuten eta guk ondotxo genekien ez zela artzain gezurtiaren jokoa izango.
Hainbeste kostatako txokoa, hainbeste herritar, lagun eta taldeen bilgune, hainbeste herri-ekimenen egoitza den gure etxea lapurtzera datoz, egunez, agerian, disimulurik gabe. Patu bera izan dute Euskal Herri osoan barreiatuta dauden beste 103 Herrikoak ere. Eta ahaztu gabe, 20 militante kondenatu dituztela politika egiteagatik. Zorionez ez dute kartzelara joan beharko baina kondena hor dago.
Herrigintza sustatzeko eta herritar askok amesten dugun Euskal Herri askea, euskalduna, herritarren berdintasunean oinarritua eta gizarte justua eraikitzeko tresna dugun Aitzaga ebastera datoz. Konfiskatzera esaten du beste batek, espoliatzera aldamenekoak. Hitzen ñabardurak gorabehera, honek izen garbia du: gerra-harrapakina.
Harrapakariak, berriz, betikoak. Gure aiton-amonei beren herriaren, hizkuntzaren eta askatasunen alde egiteagatik ondasunak lapurtu zizkieten frankisten seme-alabak dira. Eta arrazoia ere, betikoa: "Zuek gu zarete, guk nahi dugulako eta kitto!".
Demokrazia hitzetik hortzera darabilte besteon eskubideak eta aldarrikapenak zapaltzen dituzten bitartean. Gurekin ez ezik gazteekin, munduko herrien arteko elkartasuna lantzen dutenekin edota presoekin egiten ari direnak ikusterik besterik ez dago. Bide demokratikotik, bata besteenganako errespetuan oinarritutako konponbidea urratzen ari den honetan ere, epaiketa eta errepresioarekin haiek indartsuenak direla garbi utzi nahi dute. Jakina, esku-luze horiek eskua luze dute!
Baina, baita guk ere. Esku asko ditugu, bata besteari helduta, soka indartsua osatzen dutenak. Gure herriaren geroa guk nahi duguna izateko eskumen ugari biltzen duen soka, eskuzabaltasunez gure eta gure herriaren eskubideen alde eskuhartzeko prest. Horregatik, lapur, ebasle, harrapari eta otso guztien gainetik, Aitzaga defendatuko dugu, arestian aipatu poemak islatzen duen bezala, gu guztion etxe handia den Euskal Herriak zutik iraun dezan.
Eta herritar eta eragile guztiei ere gauza bera egitera dei egiten diegu, elkartasunetik konpromisora pasa eta bidegabekeria hau gaitzesteko egingo diren ekimen guztietan parte hartzera gonbidatzen ditugu baita Santixabeletan izango diren ekintza eta mobilizazioetara etorriz eta zapi laranja soinean eramanez.
Aitzaga libre eta zabalik!!!