Ez da 103 herriko taberna, elkarte edo txokoen itxiera hutsa. Espainiako auzitegientzat dekomisoa da, Aitzagako juntan daudenentzat aldiz, “argi dugu, hau guretzat lapurreta izugarria da, gerra harrapakari bat”. Oso minduta eta haserre daude ekainaren 18an Espainiako Auzitegi Gorenak kaleratu zuen epaiarekin. Lekuz eta garaiz kanpo kokatzen dute 12 urte baino gehiagoko ibilbidea duen auziari lotuta, Madriletik heldu den azken erabakia. Sekulako atzerapausoa, astakeria galanta iruditzen zaie, “jende askoren lana, ahalegina eta konpromisoa” kaltetuko duena. Baina argi dute, oinarri eta helburu politikoa duen epaiak ez du lantzen ari diren proiektua bertan behera utziaraziko.
Larunbatean herri erdiguneko kaleak lotu zituen giza-kate batekin, usurbildarrek Aitzaga libre nahi dutela defendatu zutenean bezala. Ekitaldiko irudi bilduma, Argazkitegian duzue ikusgai: Aitzaga Libre! giza-katea. Ekimen gehiago deitzekoak dira Santixabeletan ere. Herritar eta eragileei, antolatu daitezkeen hitzorduotara adi egoteko eskatzen diete. Herritarrak “gure haserrera lotzera eta antolatuko diren ekimenetan parte hartzera deitzen ditugu”.
Auzitegi Konstituzionalera
“Denetarik entzuten den arren”, momentuz ez dago argi ez noiz ez nola aplikatuko duten Espainiako Auzitegi Gorenak hartu duen erabakia. Auzia orain berriz, Auzitegi Nazionalera pasako da, Aitzagatik aipatu digutenez, bere esku egongo baita epaiaren exekuzioa.
Bitartean, abokatuak Espainiako Auzitegi Konstituzionalean aurkeztuko duten helegitea prestatzen dabiltza. “Epaia suspentsiboa izatea, Konstituzionalak zer dioen jakin artean ez exekutatzea eskatuko da”, Aitzagako juntakideen esanetan, nahiz ohartarazi digutenez, “nahi badute legez exekutatu dezakete epaia” interesatzen zaienean. “Honen oinarri guztia erabat politikoa denez, politikoki komeni zaienean, ikusiko dute nola eta noiz egin”.
Ondarea, maila ekonomikotik haratago
Iaz 20 urte bete zituen herriko taberna eta elkartearen itxierak, galera ekonomiko nabarmena suposatuko du. Langile bat dute kontratatua. Bere etorkizuna kolokan dago, “ez dakigu nola geratuko den” ezta tabernako langile taldea ere. Guztiokiko kezka agertu dute Aitzaga Elkarteko batzarkideek.
Galera ekonomikoez haratago doa ordea, epaiak ekar ditzakeen ondorioak. “Izugarrizko ondarea da ekonomikoki hitz eginez. Baina ondare hori dirutik haratago doa”, Aitzaga Elkartekoen esanetan.
Bazkide izan eta ez diren belaunaldi ezberdinetako hainbat herritar eta herri eragileren bilgune bat itxiko baitute. “Usurbilgo hainbat eragileren topagune irekia izan da. Gazteen arteko bilerak, talde feministarenak, gaztetxekoenak, Erle Egunekoenak, Artisautza Azokakoenak... Aitzagan egiten dira. 2012an berriz ireki ostean, ikusi da bizitza hartu duela, ez bakarrik otorduak antolatzeko, baita bileren aitzakiapean, bertan elkartzeko ere”, diote.
Sei urtez itxita egon ostean, duela hiru urtez ireki zuten berriz Aitzaga elkartea eta taberna. Irekierarekin, “denok ezagutu dugu nola berpiztu duen, lehen nahiko apal zegoen zonalde hau”. Kalea eta elkarte barrua ere berrindartu da, belaunaldi berrien etorrerarekin. Pozgarritzat jotzen dute. “Asko egiten du halako elkarte batek, belaunaldi ezberdinetako herritarrak harremantzeko”, diote.
“Gu geldirik ez gara geratuko”
Aitzaga Elkarteko juntakideek gogorarazten digutenez, “proiektu politiko bat, asmo politiko bat zapuztea” bilatzen dute lehengokoan segitu nahi dutenek. Baina argi adierazi nahi dute, “itxiko digute Aitzaga, baina geure helburua ez dute zapuztuko. Aitzaga herrigintzarako, geuk amesten dugun Euskal Herria eraikitzeko tresna bat da. Tresna hau kendu arren, geure gogoak, asmoak eta erabakitasuna ez dute kenduko. Are, agian indartu egingo du. Amesten dugun Euskal Herri hori defendatzen segiko dugu, izan etxe txiki honetatik, plazatik, kaletik, lantokietatik… Aitzaga ixten badute, argi dute, aurretik sei urtez itxita egon zen garaian bezala, “gu geldirik ez gara geratuko”.