Ikasturteko lanketa plazaratzeko unea heldu zaie beste behin, margolan, eskulan eta joste lanetan aritzen diren herritarrei. Zirriborro Tailerrekoek eta Labore Taldeko kideek, azken hilabete hauetan eginiko sortze lan bilduma ikusgai egongo da Sutegin, ekainaren 30etik uztailaren 7ra. Ordutegi honetan: 11:00-13:00 eta 18:00-20:00.
XIII. Pintura lehiaketa: “Nola irudikatuko zenuke eguzkia?”
2-16 urte arteko haur eta gazteek ere, artelan ederrez apainduko dute frontoia Santixabel egunez. Oraingoan uztailaren 2an ospatuko baita, goizeko 10:30etatik aurrera, jaietako XIII. Pintura Lehiaketa. Urtero gai baten inguruan marraztu behar izaten dute parte hartzaileek. Oraingoan, eguzkia irudikatu behar dute. Ohi bezala, marrazteko materiala frontoian bertan banatuko dute, baina antolatzaileek ohartarazten dutenez, “komeni da orriaren azpialdean jartzeko euskarriren bat ekartzea; karpetaren bat edo liburua… Nahi izanez gero, pintatzeko materiala etxetik ekar daiteke”.
Marrazkiak bukatu ahala, erakusgai jarri, eta ederrenak, epaimahai batek hautatuko ditu. 11 guztira, eta sari bana jasoko dute, eguerdiko 13:00etan. Parte hartzaile guztiek ere detailetxo bana jasoko dute.