Usurbilgo Gure Esku Dago taldekoen eskertza

Noaua Aldizkaria 2015ko eka. 30a, 09:12

Ekainaren 21ean eta egun horri begira urtean zehar egin den lanketan lagundu, parte hartu duzuen guztioi eskerrak helarazi nahi dizkizue Usurbilgo Gure Esku Dagok, NOAUA!ra helarazi duen ohar bidez. Hilabateok eta ekainaren 21ak eman dutenaren balorazio gazi-gozoa egin digute, eta aurrera begira bideratzekoak diren lanketa iragarri ere bai.

Eskerrik asko!

Usurbilgo Gure Esku Dagotik eskerrak eman nahi dizkizuegu hilabete hauetan zehar ilusioz modu batean edo bestean dinamikak antolatutako ekimenetan lagundu duzuenoi. Asko izan zarete tutore lanetan zuen ingurukoak biltzen aritu zaretenak, oihalak apaintzen eta josten egondakoak, maiatzeko Joste Eguna antolatzen eta aurrera ateratzeko behar zen guztia prest egoten lagundu zenutenak, duela bi aste Anoetan oihalekin edo txoznan boluntario moduan lan egin zenutenak, Anoeta betetzera edo Urumeako oihal katera ilusioz gerturatu zinetenak, ekitaldiko sarrerak saltzen lagundu duzuenak, informazioa herritar orori iristeko lanean aritu zaretenak... bihotzez, ESKERRIK ASKO!!

Aurtengo ekitaldi nagusia amaituta balorazioen garaian gaude eta taldean ere egin dugu gurea. Onartu behar dugu zapore gazi-gozoarekin atera ginela Anoetatik. Gazia, helburua estadioak betetzea izanik ez genuela bete onartzen dugulako. Gazia, ekitaldiak berak bere ahulguneak izan zituelako eta herritarren espektatiba betetzen asmatu ez zelako. Gazia, egunean zehar hobetu zitezkeen beste hamaika kontu egon zirelako.

Baina gozoa ere bai. Gozoa, Gipuzkoan eta baita beste lurraldeetan ere lanean aritutako boluntario kopurua izugarria izan delako. Gozoa, egunean bertan eta baita aurretik ere, herritarren aldetik sumatu dugun ilusioa itzela izan delako. Gozoa, kopurutan antzeman ez bada ere iaz iritsi ez ginen jendearengana iristen hasi garelako.

Gaztea da Gure Esku Dago eta handia da aurrean duen erronka. Martxan dago lehenagotik ere dinamikaren helburu, izaera eta ezaugarriak adostu eta definitzeko prozesua eta gure asmoa prozesu hau herrira irekitzea da. Orain artekoaren balorazioa burutu eta hemendik aurrerakoa definitzeko gogoeta herritarrekin batera egin nahi dugu. Horregatik, datozen hilabeteetan herritarrekin harremanetan jartzen hasiko gara horretarako formula desberdinak erabiliaz.

Mila esker eta aupa zuek!

Herri bat gara. Erabakitzeko eskubidea dugu. Herritarron garaia da.

Ekainaren 21eko irudi bilduma Argazkitegian duzue: Ekainak 21