Ustekabean agertu da zikoina, Santixabeletako maskota

Noaua Aldizkaria 2015ko eka. 30a, 11:48

Egileak, Jokin Eizagirre usurbildarrak aurreratu zigun aurreko asteetan, ustekabean, gutxien espero genuenean agertuko zela Santixabeletako maskota. Eta adi egoteko gonbita luzatzen zigun. Sekretupean ondo baino hobeto landu eta gorde duen artelana astearte goiz honetan ezagutu ahal izan dugu. Goizeko 10:00ak baino lehen, Mikel Laboa plazan agertu zaigu zikoin eder eta galant askoa. Egileak eta udal langileek, maskota kokatzeko lanak hasi dituzte. Hasiera batean, Sutegi gainean jartzekoak ziren, baina zenbait proba egin ostean, urteroko gunea hobetsi dute, frontoitik zintzilikatzea alegia.

Igande gauean ospatuko den festen amaierako trakara arte, pilotalekuan izango dugu azken urteotako maskotarik handiena. Ederra benetan, Jokin Eizagirrek egin duen lana. Eta misteriotsua zalantzarik gabe, zikoinak mokotik zintzilik duen zakua. Zer ote du barruan? Egileak berak ez du ezer aurreratu nahi izan. Oraindik agian, ezusteko gehiago izan ditzakegu aurtengo jaietako zaindariarekin.

Mikel Laboa plazatik frontoian zintzilikatu arte, zikoinak Irazu kaletik barrena egin duen osteratxoa irudiotan bildu dugu: