Goiz eta eguerdi parte honetan, Mikel Laboa plaza inguruak zuen itxura. Jaietarako txosnak frontoi atzealdean kokatu zituzten atzo. Eta astearte honetan, festetarako oholtza prestatzen ari ziren, eguzkipean. Bero galanta ari du. Mikel Laboa plazan dagoen farmaziako tenperatura markagailuari begiratu eta 12:00ak pasatxoan jada 34,5 gradu genituen.
Alerta laranjan gara beroagatik. Astearte honetan, 38-41 gradu arteraino igo daiteke tenperatura. Eta asteazkenean zertxobait gutxiago, 34-38 gradu arteraino. Hala dio Euskalmet-en iragarpenak:
Ekainak 30, asteartea
"Gaur bero errea. Hego-ekialdeko haizeak, eguzkiak eta hegoaldetik iritsiko den aire beroak lagunduta termometroak 40 ºC-ra iritsiko dira lurraldeko toki gehienetan, batez ere barnealdean. Kostaldean, zertxobait beherago geratuko badira ere, 35 ºC-ren muga erraz gaindituko dute bertan ere. Eguerdi aldean edo arratsaldeko lehen orduetan enbata izatea espero dugu, haizeak ipar-mendebaldera egingo du bat batean eta tenperatura azkar jaitsiko da. Horrez gain, ez dugu baztertzen itsas-lanbroa edo behe-hodei batzuk itsasotik sartzea".
Uztailak 1, asteazkena
"Asteazkenean tenperaturak behera egingo du, hala ere bero handiarekin jarraituko dugu. Barnealdean hego-ekialdeko haize nagusituko da berriro eta balio beroenak 35-37 ºC-ra iritsiko dira. Kostaldean aldiz, goizetik brisa altxatuko da, ondorioz, termometroak beherago geratuko dira. Zeruan goizean goi-hodei batzuk baino ez ditugu ikusiko. Arratsaldean ordea, hodeiak ugaritu egingo dira eta arratsalde-gauean ez dugu baztertzen zaparrada trumoitsu bakanen bat botatzea".
Uztailak 2, osteguna
"Ostegunean tenperaturak behera egingo du berriro eta giro nahasia izango dugu. Hegoaldeko haizea alde batera utzi eta iparraldeko haizea ibiliko da, ondorioz, balio maximoak lurralde osoan jaitsiko dira. Horrez gain, fronte bat gerturatuko da eta hodeitza eta ezegonkortasun apur bat ekarriko du. Ondorioz, egunaren bigarren zatian ez da baztertzen zaparrada trumoitsu batzuk botatzea. Hodeiak ugaritu arren, ostarteak ere ikusteko aukera izango dugu".
Informazio eguneratua: euskalmet.net