Batzordeak osatuz eta karguen izendapenekin abiatu du udalbatzak legegintzaldi berria

Noaua Aldizkaria 2015ko eka. 30a, 21:12

Legegintzaldi berria abiatzeko osoko bilkura izan da astearte honetakoa; udal talde eta batzordeak osatu, batzordeotan eta bestelako organo zein erakundeetan izan beharreko ordezkaritza adostu edota liberazioak onartzeko plenoa.

Lehenik eta behin, datozen lau urteotako osoko bilkuren egutegia, ordua eta maiztasuna finkatu dute. Orain arte bezala, ohikoak diren osoko bilkurak, hilabeteko azken astearteetan ospatuko dira, udalbatza aretoan eta arratsaldeko 18:00etan hasita. Aldaketarik ez beraz, plenoen hitzorduei dagokionez.

Legegintzaldi berrirako 10 Batzorde Informatzaile osatu dituzte. Xabier Arregi alkate berriaren esanetan, "bat dator guk aurreikusitako lan ildoekin". Batzorde bakoitza 5 kideek osatuko dute. Lan taldeon osaerarako bi irizpide hartu dituzte kontuan; udal taldeek duten ordezkaritza proportzionaltasun irizpidea, eta baita "presentzia izatea udal talde guztiek". Gogoan izan hiru udal talde ditu udalbatza berriak; EHBildu (8 zinegotzi), EAJ-PNV (4 zinegotzi) eta PSE-EE (zinegotzi bat). Proposamena aho batez onartu du udalbatzak.

3 liberatu, aurreko legegintzaldian bezala

UEMA, EUDEL, San Marko Mankomunitatea, Udalbiltza edota beste zenbait erakundeetan Udalak izen beharreko ordezkariak ere izendatu dituzte astearte honetako saioan. Eta baita liberatu kopurua ere. Azken bi gaiotan egon da desadostasunik, gobernu taldearen eta oposizioaren artean. Josune Urkola bozeramaile jeltzaleak, EHBilduk beste erakundeetarako proposaturiko udal ordezkaritzaren aurka bozkatuko zutela iragarri du, haien taldeak ordezkaririk izateko aukerarik ez dutelako. Alkateak irekitasun osoz jarduteko asmoa izan eta EAJ-ren aldetik proposamen zehatzik ez dutela jaso adierazi du.

Beste desadostasun puntua, liberazioei loturiko proposamenak eragin du. Alkatea eta gobernu taldeko bi zinegotzi liberatu izango ditu udalbatzak, guztira hiru liberatu beraz, aurrekoan bezala, legegintzaldi berri honetan ere. Usurbilek dituen biztanle kopurua kontuan izanda, udalbatzan gehienez egon daitekeen liberazio kopurua hain zuzen.

Alkateak lehendik zuen laneko soldatari eutsiko dio, "zerbait gutxiago irabaziko" duela zehaztu du. Eta bi zinegotzi liberatuek (Alaitz Aizpuruak eta Jone Urdanpilletak), 13. mailari dagokion ordainsaria, hau da, udal administrari baten parekoa.

"Proposamen partziala" EAJ-rentzat

Gaiak desadostasuna eragin duela adierazi dugu, EAJ-PNV-ri "proposamen partziala" iruditu baitzaio. Liberazio kopuru eta ordainsariekiko adostasuna agertu duten arren, jeltzaleek azaldu dutenez, "oposizioak dedikazioa eskatzen du". Eta gobernu taldeak astearte honetako osoko bilkurara eramandako proposamenean "gure dedikazioa ez da ageri".

EHBildutik argitu zaie bi kontu ezberdin direla; bat liberazioena, bestea dieta eta bestelako asignazioak. Kontuok aurrerago Ogasun Batzordera eramatekoak zirela aipatu dute. EAJ-tik aldiz, "guk dena osotasun batean planteatzen dugu" adierazi dute.

Gobernu ardurengatik EHBilduk beharrezkotzat jotzen ditu 3 liberazioak, eta gaineratu dutenez, liberazioen gaiak ez du baldintzatuko, aurrera begira dieta eta bestelako asignazioetan markatu daitezkeen kopuruak. Azkenean, aurreikusi bezala, gobernu taldetik gaurko osoko bilkurara eramandako proposamena bere horretan mantentzea erabaki dute.

EH Bilduk eta PSE-EEk alde bozkatu dute, EAJ-PNVk aurka. Jeltzaleak aurka agertu dira baita, Udalak beste erakundeetan izango dituen ordezkariak izendatzeko proposamenaren bozketan.

2015-19 legegintzaldian...

3 udal talde

-EH BILDU talde politikoa:

Xabier Arregi Iparragirre (bozeramailea)

Alaitz Aizpurua Labaka

Xuban Zubiria Elexpe

Jone Urdanpilleta Urdanpilleta

Iñaki Ugarte Agirre

Irene Garcia Palacios

Josune Estella Arranz

Joxe Mari Iribar Zapirain

-Usurbilgo EAJ-PNV talde politikoa:

Josune Urkola Larrarte (bozeramailea)

Mirari Azurmendi Sorazu (ordezko bozeramailea)

Andoni Atxega San Sebastian

Carlos Pérez Fraisoli

-Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak udal talde politikoa:

Fermin Orue-Echevarria Iturri (bozeramailea)

10 Batzorde Informatzaile

1-Ogasuna eta Kontuen Batzorde Berezia.

2-Hezkuntza eta Garapena.

3-Nekazaritza eta Ingurunea.

4-Hirigintza.

5-Zerbitzuak eta Obrak.

6-Kultura, Euskara eta Gazteria.

7-Pertsonala.

8-Parekidetasuna eta Aniztasuna.

9-Osasun eta Gizarte Zerbitzuak.

10-Kirola.

Batzordeen osaera

Kide kopurua: 5.

Talde politiko bakoitzak izango duen ordezkari kopurua: 3 kide EHBilduk, kide bat EAJ-PNV-k eta kide bat PSE-EE-k.

Zinegotzi liberatuak

Kopurua: 3 liberazio.

Dedikazioa: osoa.

Liberatuak izango diren udal ordezkariak:

Alkatea: Xabier Arregi Iparragirre.

1. alkateordea: Alaitz Aizpurua Labaka.

2. alkateordea: Jone Urdanpilleta Urdanpilleta.

Udal ordezkaritza beste organo eta erakundeetan

UEMA:

-Ordezkariak: Xuban Zubiria, Alaitz Aizpurua, Xabier Arregi eta Josune Estella.

-Ordezkoak, hurrenez hurren: Jone Urdanpilleta, Irene Garcia, Iñaki Ugarte eta Joxe Mari Iribar.

EUDEL:

-Ordezkaria: Jone Urdanpilleta.

-Ordezkoak: Alaitz Aizpurua eta Xabier Arregi.

Euskal Fondoa:

-Ordezkaria: Xuban Zubiria.

-Ordezkoak: Alaitz Aizpurua eta Xabier Arregi.

Kontseilu Eskolarrak:

-Ordezkaria: Josune Estella.

-Ordezkoak: Alaitz Aizpurua eta Xabier Arregi.

Behemendi:

-Ordezkaria: Joxe Mari Iribar.

-Ordezkoak: Jone Urdanpilleta eta Irene Garcia.

Añarbe Mankomunitatea:

-Ordezkaria: Jone Urdanpilleta.

-Ordezkoak: Joxe Mari Iribar eta Xabier Arregi.

Sanmarko Mankomunitatea:

-Ordezkariak: Irene Garcia eta Xabier Arregi.

-Ordezkoak: Jone Urdanpilleta eta Alaitz Aizpurua.

Garbitania:

-Ordezkaria: Xabier Arregi.

-Ordezkoak: Jone Urdanpilleta eta Irene Garcia.

Udalbiltza:

-Ordezkaria: Xabier Arregi.

-Ordezkoa: Alaitz Aizpurua.