Jaiotan eraso sexista bat gertatzen ari dela sumatuz gero, gerta liteke nola jokatu, zer egin daitekeen ez jakitea. Matrakak Usurbilgo Talde Feministak, egoera hauei aurre egiteko protokolo bat landu du. Ez bakarrik Santixabelei begira, baita #Kilometroak15 ekimenari eta etorkizunean ospatuko diren jaiei begira. Txosna batzordeak berea egin duena. Protokoloa ostalariei ere helarazi diete, haiek ere eraso sexisten aurrean nola jokatu jakin dezaten.
“Beharrik ez izatea espero dugu baina oso garrantzitsua iruditzen zaigu, norbait erasotua izanez gero jakitea. Laguntzea nahi duen edo ez, bere iritzia errespetatuko da une oro, baina esan laguntzeko prest gaudela. Zoritxarrez denok dakigu alkoholaren aitzakiapean zer gertatzen den. Halako jarrera eta erasoak biderkatzen dira, azkena Barañaingo kasua”, Matrakak taldetik ohartarazi dutenez.
Honatx protokoloko jarraibideak:
-Eraso sexista bat ematen ari dela ikusten baduzu, erasoa jasaten ari denarengana jo eta laguntzarik behar duen galdetu zeure kabuz erabakirik hartu aurretik: ezetz badio ez gara tematuko. Baietz badio gure laguntza eskainiko diogu. Salaketa telefonoko arduradunari erasoa jakinarazi.
-Jai gunera/barrara norbait erasotua izan dela esanez badator:
Lehentasuna duen kontua da. Salaketa jasotzen duenak egiten ari dena utzi eta pertsona horri kasu egingo dio.
Arreta handiz entzun erasotuak esateko duena (azalpena, beharrak…) eta ez jarri zalantzan kontatzen diguna.
Leku fisiko seguru bat bermatu: entzuteko, lasaitzeko…
Erasoa identifikatu: entzun eta erasoa zehaztu.
-Erasotuari emozionalki babes osoa eskainiko diogu.
-Erasotzailearekin hitz egin eta argi utzi ez dela jarrera sexistarik onartzen eta tabernatik/jai gunetik kanporatu dugu (hau taldearen babesean egitea garrantzitsua da: seguruagoa izateko eta gaitzespena garbi gelditzeko).
-Salaketa telefonoko arduradunari erasoa jakinaraziko diogu.
-Eraso sexista larriak gertatzen direnean emakumeari jakinarazi beti eska dezakeela LAGUNTZA, salaketa jarri nahi badu ala ez:
Salaketa zenbakia: 634 437 196 (jai guneko salaketa telef.)
Gizarte Larrialdietarako Foru Zerbitzua (24 h): 943 22 44 11
-Erasoen aurka: PROTOKOLOA AKTIBATU: jai gune/kale/tabernetan eman daitezkeen eraso sexistei erantzun.
Jendeari zabaldu ERASO SEXISTA BAT IZAN DELA, IZENIK EZ AIPATU. MORBORIK EZ! (ahoz aho, kartel bidez, mikroa...).
Jai gunean erasoak salatzeko arbela/pankarta… jarri.
-Antolatzaileak bildu eta erantzuna zehaztu (jai guneak ixtea, musika kendu une batez...).
Gogoratu:
1-Erasotutako emakumearen erabaki guztiak errespetatuko ditugu.
2-Ez dago salaketa ezartzera behartuta, berak hala nahi ez badu behintzat.
3-Sexu erasoa bada: jakinarazi behar diogu ez duela arropaz aldatu behar, ez eta bere burua garbitu behar ere, eta aho-bortxaketa bada, ez duela jan edo edan behar, erasotzailea identifikatzeko frogak desagertu daitezkeelako.