40 laguneko trikiti eta panderojole kalejira erraldoia, Santixabel Egunez

Noaua Aldizkaria 2015ko uzt. 1a, 08:28

Haien bizitzako garairen batean zaletasun bat partekatu zuten guztiek. Batzuk gerora utzi egin zuten afizioa, besteek segida eman diote gaur arte. Baina argi geratu denez, haietako inork ez dio sekula zaletu izateari utzi. Ikusi besterik ez dago, Santixabel eguna heltzeko zenbateko ilusioa duten. Ze gogo duten trikitia eta panderoa hartu, eta musika instrumentoi astindu ederra emateko. Kalean, herri erdigunetik barrena kalejiran ikusiko dugu uztailaren 2an, koadrila erraldoi bat. Herriko 40 lagun, aldi berean trikitia eta panderoa jotzen. Ez da egunerokoan errepikatuko den argazkia izango.

“Ez genuen espero hainbeste bilduko ginenik”, adierazi digute. Santixabel egunerako egin duten deialdia, ezin arrakastatsuagoa suertatu zaie. “Sagastia mugitu dugu eta sagar guztiak batera erori zaizkigu”, adierazi digute. Guztira, 40 bat laguneko taldea osatzeraino.

Bilguneari izena ere jarri diote; Triku, Usurbil eta trikitilari hitzak lotzen dituen markapean irtengo dira kalejiran. Musika instrumentuak joz, ondo pasatzera, gozatzera. Oholtza gainean jendaurreko emanaldiek eskatzen duten erantzukizunez zeharo ahaztuta. “Duela hiru urte, jaietan zerbait egingo ote genuen proposatu ziguten. Geundenon artean, taldetxo bat osatu genuen. Erromeria geuk egin genuen. Horrek lan bat suposatzen zuen, urduritasuna eta emanaldiaz ez gozatzea. Bigarren urtez ere egin genuen, baina gehiegitxo suposatzen zuen, oholtzara igotzeak bai baitu bere erantzukizuna. Eta urtebete beranduago, profesional onak ekarri eta gu haiekin ondo pasatzera joatea erabaki genuen”, kontatu digute.

“Asko, Sagardo Egunean geurenagatu genituen”

Aurten ondoen nola pasako zuten pentsatzen hasita bururatu zitzaien kalejira antolatzea. Eta kalejiraren ideiarekin, “zergatik ez jende gehiagorengana zabaldu?” planteatu zuten. Ezagunengana jota, garai batean trikitia edo panderoa jotzen zutela gogoan zituzten lagunekin kontaktuan jarrita, edota Juan Tapia Zumarteko trikiti irakaslearen laguntzaz, heldu dira 40 lagunongana. “Asko, Sagardo Egunean geureganatu genituen”, diote Triku taldekoek. Batek baino gehiagok, gordea zuen trikitia atera eta berriz jotzen hasi da. Batzuk trikiti klaseetara ere itzuli dira. Guztiak ilusio handiz daude.

Halere argi dute, herritar trikitilari eta panderojole guztiengana heltzerik ez dutela izan. Uztailaren 2ko hitzordua lotua dute, eta taldea osatua jada. Baina aurrera begira, Usurbilgo trikiti zaleek jakin dezatela; bada zaletuen sare bat Usurbilen. Hala dela frogatu nahi duenak, Santixabel eguneko kalejira ikustera gerturatu.

Eguerdiko kalejira egin ostean, bazkaldu, trikitia jotzeko tartea hartu, eta gero, Saioa Lizarraldek eskainiko duen emanaldira gerturatuko dira. “Erromerian bermatua dute 40 bat lagunen parte hartzea”, adierazi digute Triku Taldekoek. Dantzara hurbiltzeko asmoa dute.

Topaketak elkartean

Santixabeletako kalejira, herriko trikitilariek soziedadean egin ohi dituzten topaketetatik dator. Noizean behin, bazkari edo afari baten bueltan biltzen dira, izugarri bizi duten zaletasunaz gozatzeko, trikitia jotzeko alegia.

Sare sozialen bidez jartzen dute hitzordua. Teknologia berriek hartuemanetan izaten laguntzen diete honenbestez. Triku kideek ere, WhatsApp talde bat dute eta bide honetatik proposatzen dituzte urtean zehar biltzeko planak. Bai soziedadean topatzeko, edota “erromerirako ere biltzen gara normalean, aurretik bazkari bat eginez”. Eta hala jarraitu nahi dute, trikitixa zaletasuna bizirik mantendu eta belaunaldi berriei begira, transmisioa egon dadin bermatzen.

Eguneko plana

Uztailak 2, osteguna

12:00 Artzabalen bildu.

12:30 Kalejira tabernaz taberna.

Bazkaria, Artzabalen.

18:30 Erromeria Saioa Lizarralderekin txosnetan.

Afaria, Patri jatetxean.

Antolatzailea: Triku Taldea.