Hondakinen kudeaketa eredua aldatu eta zero zabor norabidean aurrerapauso sendo bat eman du asteazken honetan Zubietak. Atez ateko bilketaren lehen fasea abiatu dute, Santuenea aldetik hasi eta Zubieta Kaxkora arteko eremuan. Usurbilgo ordutegi eta bilketa egutegi bera izango dutenez, papera eta kartoia jasotzea tokatzen zen asteazken honetan.
Sistema berria abiatu aurretik, aurreko astean banatu zitzaizkien Santuenea aldetik Kaxkora arteko eremuan bizi diren zubietarrei, atez atekoan parte hartu ahal izateko beharrezko baliabideak; erreusa eta organikoa gaika biltzeko ontziak edota gida. Lehenago jarri zituzten zintzilikagailuak, bizilagunekin adostu ostean, bidegurutzeetan.
Usurbilgo eremuan bizi diren zubietarrek baliatu ahalko dute atez ateko bilketa zerbitzua, baina aukera bera dute baita aipatu zonaldean, Donostiako eremuan bizi direnek ere.
Erreusaren bilketa, bi igandean behin
Orain arte, erreusa atez ate biltzeko iganderoko zerbitzua eskaintzen zuen Udalak. Uztailetik aurrera ordea, zerbitzua hamabosterokoa izatera igaroko da. Erreusa bi igandean behin bilduko du Udalak, ohiko ordutegian. Aldaketaren zergatia, Udaletik azaldu digute. “Urtebete igaro da sortzez besteko ordainketa eta bilketa sistema hasi genuenetik. Urtebete honetan batu ditugun datuetan oinarritu gara erabaki hau hartzeko”, azaldu digute Ingurumen Sailetik.
Udalak emandako datuen arabera, etxeen %97ak bi astean behin edo gutxiagotan ateratzen du ontzi grisa. Gutxiagotan eta ontzia hondakinez beteagoa dela. Gainera, “lehen, astero 2,2 tona erreus biltzen bagenuen bataz beste, orain 1,8 tonaren bueltan gabiltza. %18 erreus gutxiago biltzen dugu etxeetan. Kopurua murriztu da”. Eta badira bilketa maiztasun honekin arazorik gabe dabiltzan udalerriak. Astigarragan esaterako, “erreusa atez ate biltzen hasi zirenetik, bi astero biltzen dute. Harremanetan gaude eurekin eta ez da inolako arazorik jaso handik”. Erabaki honekin gainera, udal baliabideak eraginkortuko dituztela aipatu digute.
Eskuorrien banaketa
Aldaketa honen berri emateko, eskuorri bat banatu du Udalak etxez etxe argibideekin, eta nahi dugun lekuan ikusgarri izateko 2015 eta 2016ko erreusaren egutegi bilketarekin. Bertan aipatzen denez, uztailaren 5ean bai birziklaezina izaten segitzen duen hondakin zatia bilduko da. Hurrengo bilketa eguna ordea, uztailaren 19an izango da.
Informazio edo argibide gehiagorako, hor duzue Atez Ateko bulegoa:
Doako telefonoa: 900 776 776.
Ordutegia: 09:00-14:30 (astelehenetik ostiralera)
Helbidea: Puntapax kalea, 10 behea. Usurbil (20170)
E-maila: atezate@usurbil.eus