Haur nahiz helduei zuzenduriko eskaintza zabala izaten da jaietan. Umeen Eguna horren lekuko. Uztailaren 3an, egun osoko festa ospatuko dute, ginkana, jolas, txokolate jan edota buruhandiekin. Apenas izaten da ordea ekimenik, 12-18 urte inguruko gazteeentzat. Aurten gaiari heldu eta festetarako zenbait ekimen iragarri dira. Tartean, Dj Burunda uztailaren 4an. Bestalde, lehiaketa berezia antolatu dute Gaztelekuak eta guraso talde batek, gazteek jaietan modu aktiboan parte hartu dezaten. Eta bide batez, Gaztelekuaren eta gurasoen arteko elkarlana bultzatzeko.
Hala, DBH 1 eta 2 mailetan dabiltzan ikasleei zuzenduriko txapelketa antolatu dute. Bi proba izango ditu ekimenak. Antolakuntzak sukaldari lanetan, eta goitik behera zikindu eta blaituko diren ginkana dibertigarrian parte hartzera animatzen dituzte gazteak. Izen ematea asteotan bideratu dute ikastolan eta antolatzaileek apuntatu direnekin osatuko ditu taldeak:
Gaztetxef
Eguna: uztailak 2, osteguna.
Ordutegia: 16:00-17:30.
Tokia: Artzabal.
Zehaztasunak: “Gaztetxef ekintzan gazteei osagai ezberdinak emango zaizkie eta pintxo bat eta postre bat egin beharko dituzte”.
Baloratuko dena: Aurkezpena, garbitasuna, elkarlana, pintxoaren zaporea, postrearen zaporea eta beste gazteen balorazioa.
Ur eta Zikin Ginkana
Eguna: uztailak 4, larunbata.
Ordutegia: 16:00-18:00.
Tokia: Artzabal.
Zehaztasunak: “Gazteek taldeka 5 proba egin beharko dituzte eta proba horietan busti eta zikinduko dira. Oso dibertigarria izango da!!!!”.
Baloratuko dena: Elkarlana, joko garbia eta froga egitea.