Justiziak arrazoi eman die Hernani, Lezo, Pasaia eta Usurbilgo udalei

Noaua Aldizkaria 2015ko uzt. 6a, 12:12

San Marko mankomunitatearen aurrekontuan edukiontzi bidezko sistema ordainarazi nahi zitzaien, nahiz eta lau herri horiek atez ateko bilketa egin. Epaileak beraz, ez du ontzat jo San Marko mankomunitatearen asmoa. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Zigor Salak arrazoi eman die bost udalei.

San Marko mankomunitatearen aurka egin zuten atez atekoa egiten duten lau herri hauek. Ez zeuden ados beren bilketa sistema ordaintzeaz gain, San Markoko beste udalerrietako edukiontzizko bilketa-gastuak ere ordaindu behar izatearekin, jakinik udalerriko biztanleria portzentajearen arabera kalkulatzen direla kostuak.

Epaia jakin eta berehala, EH Bilduk ohar bat kaleratu du poztasuna erakusteko. Prentsa-ohar bidez aditzera eman duenez, “2014 eta 2015eko aurrekontuetan, kontenedore bidezko bilketa selektibo borondatezkoa 10 udalerrien artean ordaintzera behartu gintuzten, nahiz eta 4 herrietan bakarrik egiten den bilketa mota hori. Beste 6 herriok, nahiz eta beti gure negoziatzeko eta hitzegiteko prestutasuna azaldu dugun, mankomunitateko gobernuaren aldetik ezeko borobila besterik ez dugu jaso eta 6 herriek bakoitzak bere bilketa ordaintzeaz gain, herri eta hiri haundienen bilketa ere ordaindu behar izan dugu, eskotean”.

%80ko birziklatze tasa lortu duten herri txikiek, “beraien bilketa gehi %30eko birziklatze-tasa duten herri eta hiri handien bilketa ordaintzera ezin gaitu behartu”, EHBilduren iritziz. “Gure poztasuna beraz hemendik dator, erabateko injustizia pairatzen ari ginen herrien alde ebatzi du Bilboko epaitegi Gorenak eta herri bakoitzak soilik berak jasotzen duen zerbitzuengatik ordaindu behar dugula adierazi du”.

 

Europak zoriondutako sistema

EHBilduk berriro ere bere prestutasuna adierazi nahi du, “birziklatzearen aldeko pausuak elkarrekin eta adostasunez ematera, soilik horrela lortuko bait dugu, orain arte bezala, Europak zoriontzea eta eredugarritzat jartzen jarraitzea”.