Laboaren Uztaila, musika emanaldiak ostegunero

Noaua Aldizkaria 2015ko uzt. 7a, 12:13

Iaz bezala, bakarlari eta talde txikien musika entzuteko aukera Santixabelen ostean, uztaileko ostegun arratsaldetan. Gaur egungo bakarlari euskaldunak ezagutaraziz Mikel Laboa oroituko duen ekimen sorta antolatu du Usurbilgo Gaztetxeak, Laboaren Uztaila izeneko zikloan. Hasteko, afari beganoa eta MMatarrak ostegun honetan:

Uztailak 9, osteguna

Ordua: 20:30.

Tokia: Mikel Laboa plaza.

Zehaztasunak: "Afari beganoa + MMatarrak bikotearen poesia errezitaldi musikatua. Okene Abrego eta Mariano Hurtado ezkutazen dira MMa izenaren atzean.. Urteak atzera Bap! taldeko kidea, eta egun Inoreneroni taldeko abeslaria dugu Okene Abrego. Erritmo azkar eta oldarkorrak jorratu izan ditu ohikoan, beti ere, bere ahots berezi eta sakonaz. Emanaldian Mariano Hurtado (Inoreneroni, El Hombre Burbuja) baxu-jotzailea izanen du taulan lagun".


Uztailak 16, osteguna

Ordua: 21:30.

Tokia: Mikel Laboa plaza.

Zehaztasunak: "MARA bakarlariaren saioa. Igor Arzuaga, ezkutatzen da proiektu honen atzean, Exkixu talde arrakastatsuan eta Mikel Urdangarinen lehen diskoetan parte hartu zuen, harik eta bakarkako kantu egile ibilbideari ekin zion arte. Orain arte bi disko kaleratu ditu bere izenpean ('Argi izpi bat' eta 'Smog', biak Gaztelupeko Hotsak-ekin) eta beste bi ('Lagun eroa' eta 'Unibertsoa gu') Mara izenpean, bere kantuak interpretatzeko Arzuagak sortutako 'pertsonaia' edo alter egoa.

Molde intimistako diskoak dira, zeinetan poesiak musikak adina garrantzia duen, eta pop, rock eta folk doinuekin batera, kabareteko musikaren edota Frantziako kantagintzaren oihartzunak biltzen diren. Esan daiteke Arzuaga bere ahots propio eta berezia aurkitu duela urte hauetan zehar. Horrez gain, instrumentu bat baino gehiago menperatzen dituen musikaria da: pianoa, gitarra, soinu txikia, akordeoia, aho-soinua…

Azken garaian Luis Vil musikariarekin lan egiten du eta elkarrekin kaleratu dute 'Mara-Mara' izeneko lan ederra. Saio honetan aurkezteke dituen Laboaren bertsio batzuk joko ditu bere abestiekin tartekatuz".

Uztailak 23, osteguna

Ordua: 21:30.

Tokia: Mikel Laboa plaza.

Zehaztasunak: "Usurbildar Peru Galbetek estreinakoz joko du Usurbilen. 3 urtez bere ukelelearekin etxean olio ozpinetan ontzen edukitako abesti melankolikoak izango ditu erakusgai. Gutxitan ikusi ohi den soiltasuna ematen dio ukeleleak, ea ba estreinakoak zer ematen digun".

Uztailak 30, osteguna

Ordua: 21:30.

Tokia: Mikel Laboa plaza.

Zehaztasunak: "Morau eta Beñardo. 90. hamarkada hasieran abiatu zuten bakarkako bidea Andoni Tolosa musikariak, Morau alter-egoa sortuz. Geroztik, taldearen laguntzaz, bakarka edo Beñardo Goietxeren laguntzaz taularatu izan da, bide horretan, estudioko bost disko grabatuz eta dozenaka (ehunka) emanaldi eskainiz.  Azken grabaketak 'Arrainentzako himnoak' izena darama, eta lan prozesu bitxi eta interesgarri baten emaitza izan da, urtebete inguruko epean burutua. Emanaldi honetan Beñardorekin batera ariko da, biko formatuan taularatuz".

Antolatzailea: Usurbilgo Gaztetxea.