Ibilgailu klasikoen topaketa larunbatean

Noaua Aldizkaria 2015ko uzt. 7a, 09:55

Pare bat urtez Orion ospatu izan denean Usurbilen geldialdia egin izan dute. Oraingoan ordea, espreski herri honetan ospatuko da ibilgailu klasikoen topaketa. Larunbat honetan, uztailaren 11n, garai bateko autoen erakusketa izango dugu frontoian eta inguruko kaleetatik ere osteratxoa egiten ikusiko ditugu auto hauen zaletuak. Orion bizi den usurbildar bat ari da antolatzen ekimena; Juanito Orella.

Lehenengo topaketa antolatzen zabiltza Usurbilen, baina zuretzat ez da estreinako edizioa?

Juanito Orella: 2012an eta 2013an minien topaketa antolatu nuen Orion. Espainia mailan topaketa handiena hau zela esan zidaten. Bartzelonatik ere deitu zidaten, hainbeste auto ekartzeko ia nola moldatu nintzen jakiteko. Usurbilgo jendeak ere eskatu egiten zidan. Miniak hainbeste ez direnez, ibilgailu klasikoak ekartzeko asmotan gabiltza. Gazteari afizioa sartu nahi diogu. Miniak etortzean ikusmin handia izaten da.

Zeintzuk dira ibilgailu klasikoak?

25 urtetik gorakoak. Eta historikoak dira, 60 urtekoak, 100 urtekoak... Klase askotakoak daude. Klasikoak ekarriko ditut, historikoak, etortzen direnak. 50etik gora espero ditut. Mundu bat da hau, kontzentrazioetara joandakoa naiz eta jende asko ezagutzen dut. Lehen urtea da. Ondo ateratzen bada, datorren urtean ere segida emango diogu.

Tartean usurbidarren autorik ba al da?

Bai. “4L” batzuk badira, “kakalardoak”, “seiscientosak”... 10-15 bat izango gara herrian. Denek ekarri nahi badituzte, hemen izango gara. Motor elkarte bat ere jarri nahi dugu martxan.

Topaketatik haratago elkartea sortu nahi duzue beraz.

Jendeari afizioa sartzeko. Paper kontuekin gabiltza orain. Ondo egin nahi dugu; gazteentzat tailer mekanikoa jarri, zaharberritzeko aukerarekin, afizioa bultzatzeko. Gainera autoak bakarrik ez, garai bateko motoak ere baditugu. Baina aurten ibilgailu klasikoekin egingo dugu topaketa. Ondo ateratzen bada, datorren urtean egingo genuke kotxe eta moto zaharrak ekarri, merkatu txiki bat jarri... Jendeak nola erantzuten duen aurten, horren arabera ia zer egiten dugun hurrengoan.

Zer aholkatuko zeniokete halako ibilgailuren bat eskuratzeko interesa duenari?

Jende askok deitu izan dit ibilgailu klasiko bat erosi nahi duela eta non erosi galdetzeko. Erosi aurretik kontsultatu. Gurekin kontsultatu dezakete. Kontuz ibili behar da, dakienari galdetu. Dakien mekanikari batekin joan, azpiak ikusi, txapak ikusi eta ondo begiratu. Eta kontu zenbat eskatzen duten.

Nolatan daukazue halako ibilgailu bat urteetan?

Askok guraso edo aiton amonena zutelako mantentzen dute. Neure gazte denboran asko ibili naiz minian. Nik 5 metroko Mercedes eder bat izan nuen. Baina gasolina gastua handia zuen. Behin Portugalera joan nintzen, mini bat topatu eta ikaragarri gustatu zitzaidan. Erosi nuen. Ezkongaiak ere eraman izan ditut neure minian.

Etxean halako kotxe klasikoren bat duenari zer esan?

Kasu egiteko, eta martxan jarri nahi badu lagunduko diogula nola egin. Laguntzeko gaude hemen.

Ibilgailu Klasikoen I. Topaketa Usurbilen

Uztailak 11, larunbata

09:30 Irteera Usurbilgo Saizar sagardotegitik.

10:00 Usurbilgo inguruetan ibilgailuen martxa.

12:00 Ibilgailu klasikoak Usurbilgo Dema plazan sartuko dira.
 Bertan ikusgai, baita anbulatorio inguruan ere.

Ondoren, hamaiketakoa doan.

14:30 Bazkaria Saizar sagardotegian. Menua: entsalada, tortilla, txuleta eta postrea. Prezioa: 23 euro. Izena egunean bertan eman behar da.