Gogoan izan, erreusaren bilketa hamabostero aurrerantzean

Noaua Aldizkaria 2015ko uzt. 8a, 10:45

Orain arte, erreusa atez ate biltzeko iganderoko zerbitzua eskaintzen zuen Udalak. Aurrerantzean ordea, zerbitzua hamabosterokoa izatera igaroko da. Erreusa bi igandean behin bilduko du Udalak, ohiko ordutegian. Aldaketaren zergatia, Udaletik azaldu digute. “Urtebete igaro da sortzez besteko ordainketa eta bilketa sistema hasi genuenetik. Urtebete honetan batu ditugun datuetan oinarritu gara erabaki hau hartzeko”, azaldu digute Ingurumen Sailetik.

Udalak emandako datuen arabera, etxeen %97ak bi astean behin edo gutxiagotan ateratzen du ontzi grisa. Gutxiagotan eta ontzia hondakinez beteagoa dela. Gainera, “lehen, astero 2,2 tona erreus biltzen bagenuen bataz beste, orain 1,8 tonaren bueltan gabiltza. %18 erreus gutxiago biltzen dugu etxeetan. Kopurua murriztu da”. Eta badira bilketa maiztasun honekin arazorik gabe dabiltzan udalerriak. Astigarragan esaterako, “erreusa atez ate biltzen hasi zirenetik, bi astero biltzen dute. Harremanetan gaude eurekin eta ez da inolako arazorik jaso handik”. Erabaki honekin gainera, udal baliabideak eraginkortuko dituztela aipatu digute.

Eskuorrien banaketa

Aldaketa honen berri emateko, eskuorri bat banatu du Udalak etxez etxe argibideekin, eta nahi dugun lekuan ikusgarri izateko 2015 eta 2016ko erreusaren egutegi bilketarekin. Halere gogoan izan, zalantzarik duenak Atez Ateko Bulegora jo dezakeela:

Doako telefonoa: 900 776 776.

Ordutegia: 09:00-14:30 (astelehenetik ostiralera)

Helbidea: Puntapax kalea, 10 behea. Usurbil (20170)

E-maila: atezate@usurbil.eus