Eztabaida piztu du idi-demak

Noaua Aldizkaria 2015ko uzt. 9a, 11:26

Uztailaren 5ean 18:00etan Dema plazan, “Euskal Herriko torturatzaile finenen erakustaldia” egongo zela zioten kartelak agertu ziren lehenik. Kartelez gain, pintada bat ere agertu zen Elizako horman. Heldu zen Santixabeletako azken jai eguna, uztailaren 5a, eta “Esklabutzarekin amaitu! Animaliak askatu” zioen pankarta bat eseki zuten herri kirol probetarako antolatzaileek jarritako itxituran zintzilik. Eta pankartaren atzean, lagun talde bat bildu zen idi-demaren aurka protestatzeko. Proba hasi zenean zutitu eta saioari bizkar emanez, ekimenaren aurka zirela adierazi nahi izan zuten.

Idi-dema ikustera gerturaturiko zenbait zaleturen eta protesta ekimena burutzen ari zirenen artean eztabaida piztu zen. Tentsio uneren bat bizi izan zen.

“Animaliak maite ditugu”

Bestalde, pintada, pankarta eta kartelen aurrean, idi-dema hasi aurretik adierazpen bat irakurri zuten antolatzaileek bozgorailuetatik. Nagusiki, protestekiko desadostasuna adierazteko. “Euskal Herriko torturatzaile finenen erakustaldia diozue. Animaliekin bizi gara eta animaliak maite ditugu. Gonbidatzen zaituztegu nola zaindu eta nola prestatzen ditugun ikustera”, adierazi zuten.

Elkarrizketarako bidea zabalik utzi zuten. “Zuekin hitz egitera irekiak gaude eta Dema guretzat eta herriarentzat zer den azaltzera”, gaineratu zuten. Antolatzaile eta zaletuen izenean, eskaera batekin amaitu zuten adierazpena. “Eskatzen dizuegu egin dituzuen epai eta irain horiek erretira ditzazuen eta nahi duzuenerako badakizue gu non gauden”, esanez amaitu zuten, plazara hurbildutakoen txalo eta txistu soinuen artean.