#Kilometroak15 ekimenaren baitan osatu den Guztiok Gattunk batzordeko kideekin bildu zen Hamaika Telebista, igaro berri diren herriko festen hasieran, inklusibitateari buruzko erreportajea osatzeko. Grabazioa, astelehen gau honetan eskainiko du aipatu telebista kateak. Egunero 21:00etatik aurrera emititzen duten Udakoak izeneko saioaren baitan.
Informazio gehiago: hamaika.eus
Gipuzkoa inklusiboago baten aldeko dekalogoa
Asteotan berri eman dizuegun moduan, #Kilometroak15 ekimenaren baitan bada inklusibitatea jorratzen duen batzorde bat; Guztiok Gattunk. Bilgune honek besteak beste, gizarte inklusiborako dekalogo bat landu du. Ekainaren 18an Udarregi Ikastolan aurkeztu zutena hedabideen eta dekalogoa sinatu duten Gipuzkoako elkarte, eragile eta erakundeetako ordezkarien aurrean.
Aurkezpena ordea, ez zen dekalogoaren berri ematera mugatu, inklusibitatearen baitan eman diren urratsen eta bideratuko diren egitasmoen informazioa jaso zuten baita bertaratu zirenek.
Mugarria jarri nahi zuten ekainaren 18ko ekitaldiarekin. "Gaur, hemen, inklusibitatearen ildoarekin, ikastolak eta Usurbilgo herriak ez ezik, Gipuzkoako eta Gipuzkoako hainbat eragilek konpromiso publiko bat hartzea nahi dugu: jendarte berri bat eraikitzeko lanean, kontzientzia hartzeko lehendabizi, apurka apurka bidea egiteko neurriak erabakitzea gero", adierazi dute.
Gipuzkoako eragile garrantzitsuenek babesa adierazi diote dekalogoari. Baina ez dute urriaren 4ko jaialdiari begirako konpromiso hutsean geratu nahi. Kilometroak egunetik haratago, Gipuzkoa inklusiboago baten aldeko apustua egin nahi dute. Horretarako, herritar, eragile eta erakundeak sentsibilizatzeaz gain, urrats praktikoak eman nahi dira. Ikastolan esaterako, plan pedagogiko bat garatu dute, urriaren 4ko jaia, ibilbidea edota guneak inklusiboak izan daitezen lanketan ari dira, edota komun publiko unibertsal baten diseinua ere garatu dute.
Agerraldian egin ziren adierazpenak, ondoko bideoan dituzue. Dekalogoak dioena eta dekalogoarekin bat hainbat elkarte, eragile eta erakundeen zerrenda segidan. Guztira ehun bat badira:
Dekalogoa
1-Kontua ez da mendekotasun egoeran dauden pertsonak edo "arazoak dituzten pertsonak" gizartean integratzea, baizik eta guztiok gaitasun ezberdinak ditugula eta guztiok osatutako jendarte inklusiboa eraiki behar dugula.
2-Hala, "arazoak dituzten horiek" eta "arazorik ez dugunon" arteko dikotomia hautsi egin behar dugu. Hemen denok gaude mendekotasun egoeran, era batean edo bestean. Elkarmendekotasuna jendartearen beraren ezaugarri zabala da.
3-Herritar gisa dagozkigun eskubideak eta aukera-berdintasuna bermatzea guztion esku dago. Hortaz, legeetatik haratago, behar beharrezkoa da jendartearen eraldaketa sozial eta kultural sakona inklusiorantz.
4-Bazterketaria mota guztiak arbuiatzen ditugu, izan haur, gor, nerabe, gazte, emakume, heldu, itsu, mutu, adindu, sexu orientazioagatik, erlijioagatik, gizon, etorkin, down, autismoa zein beste mendekotasun egoeraren batean dauden pertsonen aurkakoa.
5-Lan-merkatuan ere beharrezkoa da eraldaketa. Kontratu berri bat egiteko orduan arduradunek estereotipoak eta aurreiritziak sortu kezkak gainditu eta soilik kontutan hartu behar dute, guztiok garela gaitasun ezberdinak ditugun langileak eta lana ongi egin dezakegula.
6-Herritar guztiok dugu osasungintza eta hezkuntza publiko eta inklusiboaz gozatzeko eskubidea bizitza osoan zehar, geure gaitasun ezberdinak medio bazterkeriarik jasan gabe.
7-Unibertsalitatea aintzat hartu behar dugu irisgarritasunaz ari garenean eta edozein tresna, baliabide edo zerbitzu diseinatzeko orduan, oinarri oinarritik, ideiak pentsatzen hasten garen une beretik.
8-Sentsibilizazioa eta pedagogia dira jendarte inklusibo berria eraikitzeko tresna nagusiak. Besteak beste, aurreiritziak gainditu, pertzepzio positiboez jantzi eta kontzientzia soziala hartzeko.
9-Komunikabideek funtsezko erantzukizuna dute jendarte inklusiboa eraikitzeko beharrezkoa den eraldaketa sozial eta kulturalean. Gida honetako eta Desgaitasunen bat duen Pertsonen Eskubideen Nazio Batuen Konbentzioko printzipioen araberako herritarren eta gizartearen irudia zabaltzera deitzen dugu.
10-Kilometroak 2015etik proposatzen ditugun printzipio hauek aplikatu, babestu eta zabaltzeko konpromisoa hartzen dugu.
Atxikimenduak
-Hezkuntza eragileak: AEK, EHU, Emun, Ikastolen Elkartea, KMK15, Kontseilua, Mondragon Unibertsitatea, Udarregi Ikastola, UEU.
-Instituzioak: Gipuzkoako Foru Aldundia, Usurbilgo Udala.
-Eragile sektorialak: ASPACE, ATZEGI, Caritas, ELKARTU, Gautena, GOYENETXE (GARAGUNE), Hegalak Kirol Zentroa, Hegalak Zabalik Fundazioa, Mindara, ONCE, PAUSOKA, Uliazpi.
-Ekonomia eta enplegua: ADEGI, Elhuyar, Elkar Fundazioa, EROSKI Fundazioa, GITSE/APTES, Gureak, IK4, Kutxa Fundazioa, Laboral Kutxa, MICHELIN Fundazioa, NER GROUP, ORONA Fundazioa, TECNALIA.
-Kirol taldeak: BeraBera eskubaloi taldea, CD Bidasoa eskubaloi taldea, Eibar Fundazioa, GBC saskibaloi taldea, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioa, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa, Hernani Errugbi taldea, Real Sociedad Fundazioa, Salto BeraBera saskibaloi taldea, Zarautz KE eskubaloi taldea.
-Mugikortasuna: Aizpurua Autobusak, Lurraldebus.
-Garapen Agentziak: Donostia sustapen agentzia, Oarsoaldea Garapen Agentzia, Tolosaldea sustapen agentzia, Urola Kostako Enplegua.
-Hedabideak: Argia, Berria, DiarioVasco, Gara, Hamaika TB, NOAUA!, Noticias de Gipuzkoa.
-Sindikatuak: BASERRIA XXI elkartea, ELA, HIRU, LAB.
-Beste eragileak: Gehitu Elkartea, Irrien Lagunak, Matrakak Usurbilgo talde feminista, Ostargi Gizarte Elkartea, Usurbilgo Dantza Taldea, Usurbilgo Gaztelekua, Zumarte Musika Eskola.