Desertu deklaratu du Udalak, Santuenean dituen 2 etxebizitzen enkantea

Noaua Aldizkaria 2015ko uzt. 13a, 09:40

Uztailaren 10eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez berri eman duenez, Usurbilgo Udalak Santuenean jabetzan dituen bi etxebizitzen enkantea desertu deklaratzera erabaki du. Gogoan izan, ekainaren 22ra arteko epea zuten interesdunek, eskaintzak aurkezteko. Bi etxebizitzon "irteera prezioa hobetzen duten eskaintza onenei izendatuko zaizkio etxebizitzak" iragarria zuen Udalak.

"Espekulazioari bideak mozteko"

Santueneko "etxebizitza hauek Udalak jaso zituen 2012an, Babes Ofizialeko esleipendunak lehenagotik jabetzan zituztenak hain zuzen ere. Legeak aurreikusten du Babes Ofizialeko etxebizitzak lortzeko aukera izatea, nahiz eta aldez aurretik jabetzan etxebizitza bat izan.

Horretarako, hainbat klausula bete behar dira eta horien artean Udalari ematen zaio aukera jabetza hori eskuratzeko, beti ere Babes Ofizialeko etxebizitzek markatzen duten prezio berdinean. Aukera hau onetsi zuen Udalak, Babes Ofizialeko esleipendunek modu librean saltzeko aukera izango baitzuten bestela. Horrela, eta espekulazioari bideak mozteko borondatearekin, Udalak erosi zituen prezioan orain salgai jarriko ditu eta enkantean ateratzea erabaki da. Legez, administrazio prozedurak ezartzen du Udal jabetzako salmentak enkantearen bidez egin beharra", Udaletik ziotenez.

Honatx Usurbilgo Udalak enkante bidez saldu nahi zituen Santueneko bi etxebizitzen ezaugarriak:

A. etxebizitza

-Helbidea: Santuenea, 17-1º A.

-Azalera: 50,00 m2.

-Irteera prezioa:  90.248,90 euro.

-Gehienezko prezioa: 106.323,45 euro.

-Ezaugarriak: Sukaldea, sala, 2 logela eta komuna.

B. etxebizitza

-Helbidea: Santuenea, 25-3º ezkerra.

-Azalera: 59,27 m2.

-Irteera prezioa: 106.323,45 euro.

-Gehienezko prezioa: 132.823,45 euro.

-Ezaugarriak: Sukaldea, sala, 2 logela eta komuna.

Irudiak: Usurbilgo Udala.