Ekaina amaieran, Galizian ospaturiko Kayaksurfeko Munduko Txapelketan parte hartu zuen euskal selekzioak. Selekzioko bi kide herritarrak ditugu; Garazi Iturralde eta Xabier Olano. Iturraldek bidaiatik itzuli ostean helarazi digun kronikan gogorarazi digun moduan, 15 domina irabazi dituzte. "Honekin ikus daiteke euskaldunok maila oso ona dugula munduan!!", diote.
Garazi Iturralderen kronika segidan, bere osotasunean:
"Amaitu da aurtengoa ere. Beste mundial bat pasa da. Ekaina amaieran abiatu ginen Pantinera, Galiziara. Eguraldi bikaina egiten zuen eta olatuak ezin hobeak ziren. Lehen bi egunetan entrenamendu sesioak izan genituen eta igandean hasi zen txapelketa, inaugurazioarekin eta partaideen aurkezpenarekin; Irlanda, Brasil, Ipar Irlanda, Ingalaterra, Gales, Australia, EEUU west coast, Eskozia, Portugal, Costa Rica... eta nola ez Euskadi, leku guztietako jendea bildu ginen.
Ekainaren 29an hasi ginen lehiatzen bai taldeka eta baita banakako txapelketan. Goizean goiz jaiki behar izaten genuen, 7:30etarako bilera izaten baitzen. Eguneko egitaraua azaltzen zen.
Asteak aurrera egin ahala emaitzak nabariak ziren. Uztailaren 4ean ospatu zen taldeko finalerako sailkatu ginen Irlanda, Ingalaterra eta Galesekin batera. Larunbat oso gogorra izan zen selekzioko kide guztientzat. Ingalaterrarekin oso berdinduak ibili ginen, baina tentsioari aurre egin eta talde kide guztiei esker irabazle ginen eguna amaitzerako.
Ez genuen asko ospatzeko aukerarik izan, izan ere hurrengo egunean selekzioko kide gehienok banakako finaletarako sailkatuta geunden.
Beraz, uztailaren 5ean berriz ere goiz jaiki eta hondartzara. Tentsio gehiena egun honetan egon zen, emozio asko zegoen, bakoitzaren irabazi nahia. Partaideen familiarteko ugari izan zen bertan eta euskal giroa nabaria zen, ikurrina besterik ez zegoen hondartzan, irabazi nahia zegoen.
Pixkanaka pixkanaka egiten ari ziren finalak; masterrak, juniorrak, emakumeak eta gizonezkoak.
Xabi Olano usurbildarra Open IC kategoriako finalean izan zen eta laugarren postua lortu zuen borroka handi eta estu baten ondoren. Nik berriz, Ladies HP finala izan nuen eta orain bi urteko mundialeko marka bera lortu nuen, brontzezko dominarekin konformatu behar izan nuen. Olatuak ez ziren handiak izan eta beraz lehia oso estua zen.
Guztira 15 domina lortu genituen: 5 urrezko, 5 zilarrezko eta 5 brontzezko. Honekin ikus daiteke euskaldunok maila oso ona dugula munduan!!
Eskerrak eman nahi dizkiet lagundu diguten guztiei: Cadenas Vicinay, Laboral kutxa, RCNSS, Euskal Kayak federazioa, animoak bidali dizkidazuen guztiei, selekzioko kide guztiei, familiari eta beti eduki ditudan entrenatzaileei (Urko Otxoa eta Edu Etxeberria), eta esan ere hauek erakutsitako guztiari esker dudala dudan maila".