“Haurrentzako ekimenak izaten dira, guretzako ez hainbeste”. Sarri kontzertuak ikusi beste aukerarik ez dute izaten Kilometroak egunez, eta ondorioz, “gazte asko ez da joaten aspertu egiten delako”, urriaren 4rako Erronka prestatzen ari den Udarregi Ikastolako ikasle taldearen esanetan.
Urte luzez hutsune bat sumatu dute ikastolen aldeko jaialdian, 12-18 urte arte inguruko gazteei zuzendutako ekimen eskaintza askorik ez dagoela. Kontzertuez gain, ezer gutxi gehiago aurki zezaketela Kilometroak egunaz gozatzeko. Musika taldeen emanaldiak ikusi eta entzutetik haratago, haien parte hartze zuzena sustatuko zuen “aisialdi eredu aktibo” bat falta izan zuten, 2013an Tolosan ospatu zen ediziora arte. Duela bi urteko jaialdian, harrera beroa izan zuen ekimen berri bat txertatu zuten antolatzaileek; Erronka delakoa. Taldeka, kirol proba batzuen bueltan, Gipuzkoako hainbat ikastoletako ikasleak lagun artean jolastuz Kilometroak eguna igarotzeko aukera eskaintzen dien ekimena. Iaz, Orion ospatu zen eta, Tolosakoaren ildo beretik, arrakastasua izan zen.
Hirugarrenez ospatuko da Erronka, datorren Kilometroak egunez Usurbilen. Ehunka gazte espero dira urriaren 4an udalerri honetan. 350 bat bai behintzat, antolatzaileen esanetan. Eta haiek ikustera etorriko diren senide eta lagunak gehiago izan daitezke noski. “Ia egun eguzkitsua izaten dugun”, dio Erronkan parte hartzera animatu den Udarregi Ikastolako taldeak. Datu garrantzitsua. Antza, gainditu beharreko proben artean, ur jolasak baitituzte. Eta #Kilometroak15 ekimeneko gune gehienak ere ezin ahaztu, belardietan kokatuko dira.
Amaiera bateratua
Erronka lau guneetara hedatuko da. Hauxe Usurbilgo ediziorako ekimena antolatzeaz arduratzen ari den batzordeak txertatu duen berrikuntzetako bat. Ekimena gune bakar batean ospatu beharrean, zirkuituko geldiune ia guztietara zabalduko dute. Goizez ospatuko dira probak eta final handia arratsaldez.
Orain arte puntazio altuena zuten lau taldeek baino ez zuten parte hartzen azken proba nagusian. Aurten aldiz, estreinakoz talde guztien arteko finala jokatuko da. Modu honetan, #Kilometroak15 ekimeneko beste hainbat eremutan bezala, inklusibitatea sustatu nahi da baita Erronkan ere. Final inklusiboa izango du, amaiera bateratua partaide guztiekin.
Sagar biltze inklusiboa
Argi denez, ikasleen parte hartzea ahalik eta gehien zabaldu nahi izan dute. “Orain arte, ikastetxe bakoitzetik 8 erronkarik parte hartzen zuten. Aurten parte hartzea zabaldu dugu. Proba bakoitzean erronkari kopurua zortzikoa izan eta 3 proba burutuko dituztenez, ikastetxe bakoitzak gutxienez zortzi eta gehienez 24ko taldea aurkezteko aukera izan du”, antolatzaileen esanetan.
Iazko proba berdinak izango dituzte, “oso erakargarriak izan eta ondo funtzionatu izan baitute” antolatzaileek diotenez, baina gaitasun guztiak kontuan hartu nahi dituen, inklusibitatearen balorea guztiz txertatua duen proba berri bat ere sortu dute Usurbilgo ediziorako. “Sagar biltze proba, gure herriko nortasunari lotua. Gaitasun ezberdinez osaturiko zortzikote batek aurre egin beharko dio probari. Horietatik bi kideek itsututa burutu beharko dute proba, kide batek gurpildun aulkian, korrika egin dezakeen pertsona bat egongo da...”, aurreratu dute.
Egitarauan egoki josia
Erronkarientzat egun pasa antolatu dute urriaren 4an goizetik arratsaldera. Baina tarterik ere izango dute, nahi izanez gero kontzertuetara joateko noski. #Kilometroak15 ekimeneko egitaraua diseinatzerakoan, Erronka ospatzen den ordu tarteetan kontzertu nagusiekin egokitzea saihestu nahi izan dute. Honenbestez, erronkariek eta ekimena ikustera doazen gazte guztiek, bai Erronkaz eta kontzertuez ere gozatu ahalko dute urriaren 4an. Denetarako astia izango dute beraz.
“Dena oso kontuan hartu da. Erronkariak parte hartzen ari direnean ez da izango kontzerturik eta kontzertuak daudenean ez da izango Erronkarik”, ohartarazi dute antolatzaileek.
Ikastola Egunean proba
Berrikuntza gehiago. Aurten, Erronka Kilometroak eguna baino dezente lehenago abiatu dute. Urriaren 4rako puntuagarria izango den “Adi-adi” lehiaketan parte hartu zuten Erronkariek ekainean. 6 bideo arreta handiz ikusi eta entzun, eta bideo hauen gaineko galderei erantzutean oinarritzen zen jolasa. Zenbat eta lehenago erantzun galderari, orduan eta puntuazio altuagoa lortzeko aukera zuten.
Irailean izango dute bigarren proba; aurkezpen bideo lehiaketa. “Talde erronkari bakoitzak, 3 minutuz azpiko aurkezpen bideo bat diseinatu, grabatu eta editatu beharko du”, adierazi dute antolatzaileek. Emaitzak web orrialde batean ikusgai jarri eta lehiatuko dira. Iraileko proba ere, ekainekoa bezala, urriaren 4ko Erronka egun handirako puntuagarria izango da.
Talde lan handia
Ehunka gazte mugituko dituen ekimen erraldoia prestatzeko lanak aurreratuak dituzte Erronka batzordekoek, diotenez, “garaiz eta azkar mugitu gara” eta. Guztira, 80-100 bat laguneko taldea osatuko dute urriaren 4rako. Kanpotik begiratuta ez dirudien arren, azpi talde bat baino gehiago baititu aipatu batzordeak. Erronkan parte hartuko duten 21 taldeen gida lanak egiteko talde bat izango dute, partaideei bazkaria zerbitzatzeko beste talde bat, probako diseinu eta azpiegiturak egokitzeaz arduratuko den, “denetik egiten dakien” beste laguntzaile multzo bat, proba bakoitzeko arduradun talde bana, web orria elikatzeko boluntarioak... Laguntzaile sare zabala beharko du baita Erronkak.
Talde lana beharrezkoa izango da antolakuntzan, baita Erronkarien artean ere. Udarregi Ikastolako taldetik dioten moduan, “talde lanean probak hobeto ateratzen dira”. Kide bakoitzak gainera, gaitasun ezberdinak aportatzeko aukera du. Proba egin dute jada. Ekainaren 7ko Ikastola Egunean, goizez ospatu ziren jokoetan, Erronkako finala proba moduan antolatu zuten.
Oporren ostean, benetako ordua.
Erronka abian
Ekainean: adi-adi jokoan parte hartu dute.
Irailean: aurkezpen bideo lehiaketa.
Urriaren 4an:
09:30 Harrera eta nikien banaketa ikastolako gunean.
10:00 Talde bakoitzaren aurkezpena ikastolako gunean.
11:00etatik aurrera probak:
-Agerreazpin: “Lasto fardoak”.
-Harane futbol zelaian: “Globinkana”.
-Udarregi Ikastolan: “Eskalagardoa”.
-Atallun: “Sagar biltzen”.
13:45 Bazkaria Erronkarientzat Agerreazpin.
14:00 Eguerdiko kontzertu nagusia.
16:30 Erronkaren finala talde guztiekin.
Ondoren, sari banaketa.
17:30 Eguneko kontzertu nagusia Atallun.
Erronka prestatzeko antolakuntza taldea: 80-100 bat lagun guztira.
Informazio gehiago: